Euskaltegietan matrikulazioak behera egin du aurten; %4-5 artean udal euskaltegietan, eta %10-12 artean itunpekoetan. Matrikulazioen jaitsiera horren ondorioz, zenbait kontratu ez berritzea erabaki du Bilboko Ulibarri euskaltegiak. Atzo protesta egin zuten langileek kalean. Kaleratutako bost langileak berriro onartzeko eskatu zioten zuzendaritzari. Goizez eta arratsez, elkarretaratzeak egin zituzten euskaltegiaren atari inguruan.
Langileek azaldu dute «kontziente» direla egoeraz eta «ez dagoenetik ezin dela atera» nabarmendu dute. Baina beste proposamen bat dute, langileak kaleratu beharrean: egun dagoen lana denen artean partitzea, inor ez kaleratzeko. «Lana banatzea da modu bakarra langabezia tasari buelta emateko, euskaltegi honetan eta leku guztietan», adierazi dute.
Lanik gabe geratu dira behin-behinean ari ziren beste hamalau langile ere. Horiek lan poltsa batean sartzeko eta etorkizunean lanik sortzen bada haiek gogoan hartzeko ere eskatu dute.
Lana langileen artean partitzeko eskatu dute Ulibarri euskaltegian
Matrikulazioak gutxitu direnez bost langile kaleratu dituztelako, protestak egin dituzte goizean eta arratsaldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu