«Lanaldi erdiko demokrata» izatea leporatu dio Lopezek Garitanori

Bilduko buruzagiei eskatu die ETAren amaiera «argi» aldarrikatzeko eta «indarkeriaren porrota» onartzekoKoalizioaren legeztatzea «instituzio demokratikoen garaipena» dela adierazi du

Martin Garitano eta Patxi Lopez, uztailaren 20an Ajuria Enean eginiko bileran. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
«Ziklo terroristaren behin betikoamaiera» geroz eta gertuago ikusten duen arren, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak uste du Bilduko buruzagiek ez dutela «demokrazian sartzeko» behar besteko ahaleginik egin. Koalizioko zenbait buruzagiri eta bereziki Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiari leporatu die «lanaldi erdiko demokratak» izatea eta «alde ilun bat» ezkutatzea. ETAren amaiera «modu argian» aldarrikatzeko eskatu die eta «indarkeriaren erabileraren porrota onartzeko».

Lanaldi erdiko demokratak izenburupean bere blogean idatzitako artikulu batean jarri ditu hitzok Lopezek. Bertan, ezker abertzaleko independenteek koalizioan jokatzen duten rola aztertu du. Lopezen ustez, «Bildun sartu diren Batasuneko kideek» jokaleku politiko berriaren «garaileak» eurak direla «sinetsarazi» nahi diote euskal gizarteari. «Eta okerrena da neurri batean lortu dutela hori». Hala ere, buruzagi sozialistak uste du koalizioaren legeztatzea «instituzio demokratikoen garaipena» dela, «eta ez alderantziz». «Ziklo terroristaren behin betiko amaierara eramango gaituen trantsizio garai batean gaude Euskadin. Trantsizio egoera hau hasi da terroristak eta haiei babesa eman dieten taldeek euren porrota onartu dutenean. Beste era batera esanda: trantsiziorako bidea hasi da sistema demokratikoa inoiz garaituko ez zutela ohartu direnean, irmotasun demokratikoa onartu behar izan dutenean, zuzenbide estatuak euskal gizartean geroz eta babes handiagoa duela konturatu direnean eta ohartu direnean indarkeria erabilita ez zutela ezer lortuko», azaldu du Lopezek.

Hori hala, «lo ez geratzeko» deia egin du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta «demokraziaren mugetan dabiltzanak» sisteman integratzeko lanean jarraitu beharra dagoela nabarmendu du. Izan ere, Lopezen arabera, «ibilbide demokratiko handia geratzen zaion jendea dago Bildun». «Gure instituzioetako boterea erabiltzeko dira demokratak, baina maiz itzultzen dira iraganera. Legezkotasunetik edo herritarren presiotik kanpo daudela uste duten bakoitzean, beste denbora batzuetako indar ezkutuetan bilatzen dute babesa, euren kabuz aurrera egiteko gai izango ez balira bezala indarkeria zaharraren laguntzarik eta ahalmenik gabe; azken hori izan da izan duten elementu bateratzailerik indartsuena», salatu du Lopezek. Agintari sozialistaren ustez, hori da, hain zuzen ere, Bilduko kideek «iraganeko indarkeria ez gaitzesteko edo ETA desegiteko argi eskatzeari uko egiteko arrazoia».

Horren harira, Martin Garitanok ostiralean egindako adierazpenak izan ditu hizpide Lopezek. Herrialde Katalanetako udako ikastaro batzuetan diputatu nagusiak eginiko hitzaldiak zeresana eman du azken egunetan, zenbait komunikabidek nabarmendu dutenez, ETAk Herrialde Katalanetan egindako atentatu eta eragindako biktimak «soilik» hartu zituelako kontuan. Lopezen arabera, adierazpen horiek agerian uzten dute «geroz eta laburragoa» dela Garitanoren «lanaldi demokratikoa». «Balio demokratiko guztiak baztertu zituen modu erradikal batean, purrustada harroak eta mingarriak jaurtiz».

Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak ere gogor kritikatu ditu Garitanoren hitzak, eta «gipuzkoar guztien ordezkari gisa» akats larria egin zuela nabarmendu du. «ETAk Katalunian egindako atentatuak hutsegitea izan zirela esateak bestelurraldeetan egindakoak justifikatzen ditu. Jarrera horrekin milaka gipuzkoar haserretzen ari da, lurraldeko agintari gorenaren partetik beste zerbait espero baitute».

Jeltzaleak, «urduri»

EAJrentzat ere izan ditu hitzak Pastorrek. Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean adierazi duenez, «urduri» dago alderdi jeltzalea. «Ikusten ari da mundu abertzalean duen hegemonia ken diezaiokeela ezker abertzaleak». Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren «beste estatus politiko» bat eskatzeko jeltzaleek landu nahi duten proposamena jarri du horren adibide gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.