Sektorekako programa aurkezten dabil NaBai, eta atzo hezkuntzako proposamenak aurkeztu zituen. Paula Casares eta Nekane Perez Parlamenturako hautagaiek lanbide heziketa sendotzeko beharra azpimarratu dute. Hala, koalizioak beharrezkotzat jotzen du lanbide heziketan gizarteak estereotipoak gainetik kentzea eta hala euskaraz nola gazteleraz titulazio berriak eskaintzea. «Ezin dugu lanbide heziketa gutxiesten jarraitu». Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kasuan, urte anitzeko finantzaketaren beharra azpimarratu dute.
NaBaik funtsezkotzat jotzen du sare publikoa sendotzea, eta garrantzi berezia ematen dio eleaniztasuna sustatzeari, «baina Nafarroako bi hizkuntzak oinarri hartuta». Berrikuntza teknologikoaz gain, metodologiarena ere beharrezkotzat jotzen du, eta arlo publikoa laikoa izatea defenditu du. 0 eta 3 arteko zentroak Hezkuntza Departamentuaren barruan egotea ere defenditu du.
Bilduri buruz galdetuta, Patxi Zabaleta presidentegaiak gogor gaitzetsi du «herritarrak jazarriak» izatea. Zabaletak gaineratu du «demokrazia heldu eta garatuetan» ez dagoela legez kanpoko herritarrik. Federico Trillok PSOErekin zerrendak baliogabetzeko itun bat dutela esatea «surrealistatzat» jo du. «XXI. mendean baino, Trillo XVII. mendetik gertuago dago».
Nafarroako Hauteskunde batzordeak EAJri, Aralarri eta independenteei NaBai marka erabiltzen uztea «pozgarria» eta «oso egokia» dela deritzo Zabaletak.
Lanbide heziketa indartu nahi du NaBaik
Zabaletak pozgarritzat jo du marka politikoa erabili ahal izatea, eta Bildu aurkeztu ahal izatearen alde azaldu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu