Lanbideren zerbitzu “txarrak” eta lan baldintza “eskasak” salatu dituzte

Kaltitatezko enplegu zerbitzu publikoa eta gizarte laguntza duinak aldarrikatu dituzte ELAk, LABek eta Bizkaiko hainbat gizarte eragilek Bilbon.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2013ko azaroaren 5a
14:38
Entzun

Langabezia eta pobrezia egoerak Lanbidera jotzen duen jende kopurua handitzea ekarri du, eta hara jotzen duten erabiltzaileei ez zaie zerbitzu duinik ematen, Lanbide bera jasaten ari den egoera dela-eta, sindikatuek salatu dutenez. Azken urteotan Eusko Jaurlaritzak egindako murrizketen ondorioz, gizarte zerbitzuek, Lanbide zerbitzuaren kalitateak eta bertako langileen lan baldintzak “okerrera” egin dute. Hala adierazi dute  ELA eta  LAB sindikatuek eta Bizkaiko hainbat eragile sozialek Bilboko Alameda Mazarredo auzoko Lanbideren bulegoaren aurrean egindako agerraldian. Elkarretaratzea egin dute bertan.

Leire Trigueros LAB sindikatuko ordezkariak egin du salaketa: “Hutsik dauden lanpostuak ez dira betetzen, lan-baldintzak okerrera egin dute, ez dago erabiltzaileentzako informazio zerbitzurik, eta ez dute Lanpostuen Zerrenda egokirik onartu nahi”. Horrek guztiak, zerbitzu publiko horren kalitatea jaitsi duela esan du.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean hartutako erabakien ondorioz, gizarte larrialdietarako laguntzetara bideratutako aurrekontua 6 hilabetean amaitu da. Ondorioz, 20.000 familiari laguntza horiek jasotzeko aukera kenduko dietela adierazi dute. Horrez gain, laguntza sozialak jaso ahal izateko baldintzak “gogortu” dituztela salatu dute, eta, diotenez, murritzegia da Lanbideko langile kopurua horri erantzuteko.

Murrizketak bertan behera utzi eta kalitatezko enplegu zerbitzu publikoa eskaintzeko eskatu dute. Datorren asteartean, hilaren 12an, Bilboko Eusko Jaurlaritzako egoitzaren aurrean elkarretaratzea egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.