atxiloketa

Lander Fernandez kartzelatik atera dute, epaileak euroagindua ez duelako jaso

Asteazkenean atxilotu zuen Italiako Poliziak, Erroman. Etxean atxilo segitzeko agindua eman du epaileak.

2012ko ekainaren 15a
17:27
Entzun

Asteazkenean Italiako Poliziak Espainiaren eskariz Erroman atxilotu zuen Lander Fernandez Arrinda bilbotarra kartzelatik atera dute, epaileak euroagindua ez duelako jaso, Maria Luisa D'Addabbo defentsa abokatuak esan duenez. Hala ere, etxean atxilo segitzeko agindua eman du epaileak.

Garbatella Erromako auzoan bizi da Fernandez, neska-lagunarekin batera. Duela urtebetetik hiriko taberna batean egiten du lan.

Fernandez 2003ko azaroan atxilotu zuten lehenengo aldiz, Frantzian. Zigorra beteta, Frantziatik kanporatu zuten 2008ko urtarrilean. Hilabete batzuk geroago Fernandezek salatu zuen polizia batzuk "atxilotu, kolpatu eta kolaboratzeko" eskatu ziotela.

2009ko ekainean atxilotu zuten berriz, Madrilgo aireportuan, eta espetxeratu egin zuten kale indarkeria ekintza batzuetan parte hartzea egotzita. Hilabete geroago aske utzi zuten, bermea ordainduta.

2010eko urrian berriro ezarri zioten hiru urteko zigorra, Askatasunaren aldeko kupoi batzuk saltzeagatik. Azken ebazpen hori bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak 2011ko uztailean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.