Ahal Dugu-k badu Nagua Albaren ordezkoa. Gaur jakinarazi dutenez Guztiok Bat hautagaitzako buru Lander Martinezek irabazi ditu ostegunean egindako alderdi barruko bozak.
Podemos Euskadi indartsuago bat, batuago bat eta helburu argi batekin dator: 2019ko hauteskundeak eta gobernu aurrerakoia 2020ean. Eskerrikasko danori zuen babesagatik, orain zailena dator: Euskadiren bide polítikoa aldatzea
— Lander Martinez (@LanderMartinez_) 15 de diciembre de 2017
Orain arte Antolakuntza idazkari izan denak jaso ditu botoen %39. Bigarren tokian geratuda Denontzat-Para Todas hautagaitzako Maria Valiente, botoen %32rekin.
Herritarren Kontseiluaren 34 kide erroldatutakoen botoen bidez aukeratu dituzte -beste lau zirkuluek aukeratu dituzte zuzenean-. Erroldatutakoen botoekin aukeratutakoen artean, 17 Lander Martinez buru zuen Guztiok bat zerrendakoak dira, 14 Denontzat zerrendakoak, eta 3 Neskutz Rodriguez buru zuen Zurekin Martxan zerrendakoak.
Emaitzen aurkezpenean, orain arte idazkari nagusi izan den Nagua Albak esan du lehenengo eta bigarren hautagaien arteko aldea aurreko primarioetan baino handiagoa izan dela, baina, oro har, "alderdiaren argazkia" oso antzekoa dela: "Aniztasunaren barruan, orain alderdi indartsuago eta batuagoa dugu, eta prestatuago gaude aurre egin behar diegun erronkei ekiteko, bereziki, 2020ko hauteskundeetan Euskadin gobernu aurrerakoia lortzea", esan du.
Neskutz Rodriguez izan da Martinez zoriontzen lehenengoetarikoa. Sare sozialen bidez egin du eta alderdi anitz eta elkartu bat osatzeko lan egiteko unea dela nabarmendu dio.