Memoria historikoa

Lanean hasi dira 1937an Asturiasen hildako ehun gudariren gorpuzkiak ekartzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak aurkeztu dute ekinaldia. Elkarlan hitzarmen bat sinatu dute, eta Asturiasko Gobernuarekin harremanetan ere jarri dira.

Berria.info
2012ko abenduaren 26a
20:17
Entzun

1937an amaitu zen 36ko gerra Euskal Herrian; Bilbo galduta, errenditzea sinatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Baina Euzko Gudarosteko adar batzuek Asturiasen jarraitu zuten borrokan, Errepublikaren alde eta frankisten aurka. Asturiasko frontean hil ziren asko. Haietatik ehun bat gudariren gorpuak Areces herrian lurperatu zituzten, eta haien gorpuzkiak Euskal Herrira ekartzeko lanak hasi dituzte Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Arecesen, Euskaldunen Zelaia esaten dioten eremu batean lurperatu zituzten gudariak. Haien artean, gehienak Eusko Indarra batailoiko kideak ziren, ANV-EAEko militanteak. Baziren sozialistak, komunistak eta anarkistak ere. Han inguruan lurperatua egon zen Kandido Saseta gudarien burua ere; Sasetaren gorpua orain lau bat urte deshobiratu, eta Hondarribira ekarri zuten, Gipuzkoara. Aranzadi zientzia elkarteak gidatu zituen orduko lanak.

Euskaldunen Zelaian lurperatutako gehienak gipuzkoarrak direla azaldu du Donostiako Udalak, eta laurdenak inguru izango zirela donostiarrak. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmena egin du udalak, eta gaur aurkeztu dute. Diputazioak 50.000 euro jarriko ditu gorpuzkiak berreskuratu eta ekartzeko lanetarako.

Udalak azaldu du harremanetan hasiak direla. Arecesen lurperatuta dauden pertsonen erakundeekin hitz egin du —EAJrekin, Sabino Arana fundazioarekin, CNTrekin eta alderdi komunistarekin, esaterako—. Asturiasko Gobernuarekin, Arecesko Udalarekin eta Euskaldunen Zelaiaren jabearekin ere hizketan hasiak dira. Tratuak ongi joanez gero otsailean deshobiratze lanak has litezkeela jakinarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.