Gizartea

Lanean sexu jazarpena sufritzen dutenen babesgabetasuna salatu dute Iruñean

Landabengo TRW Automotive enpresan gertatutako kasu baten berri eman dute Andrea eta Astelehen Lilak elkarteek; halakoetan hobeto koordinatzeko eskatu diete sindikatuei.

Astelehen Lilek antolatutako protesta bat, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
Samara Velte.
2018ko urtarrilaren 19a
16:43
Entzun

Lanean sexu indarkeria sufritzen duten emakumeek, sarri, zailtasun handiak izaten dituzte hura salatu eta babesa —legezkoa eta soziala— eskuratzeko. Hala salatu dute gaur goizean Andrea eta Astelehen Lilak elkarte feministek, Iruñean. Mari Jose Lekuonaren kasua ekarri dute argitara: hari nagusia jazarri zitzaion 2010etik 2016ra, Landabengo TRW Automotive enpresan.

Lekuonak berak kontatu du bere istorioa: hasieran, gizonak "eskuetatik heltzen" ziola kontatu du, eta aurki hasi zitzaiola iruzkin deserosoak egiten. Emakumeak enpresako giza baliabdeen sailera eta ordezkari sindikalengana jo zuen; haiek bazeuzkaten protokoloak, "baina praktikan ez zuten ezer egin". Antsietateak jota, gizonarekin topo ez egiten saiatzen zen. Azkenean, salaketa formal bat ipini zuen gizonaren aurka. Orduan erreakzionatu zuen enpresak, eta biak elkartu zituen bilera batean. Gizonak aitortu zuen iruzkinak egin izana, baina "egoera deserosoak sortzeko intentziorik gabe" egin zituela argudiatu zuen. 2016ra arte, ordea, egoera ez zen askorik aldatu: Lekuonak gutxienez bi aldi luze igaro zituen gaixorik, eta azkenean enplegua erregulatzeko espediente bat baliatu zuen enpresatik joateko; legezko bideetatik lortu zuen sexu jazarpena arrazoi gisa aitortzea.

Lekuonak kontatu duenez, kasua zabaldu zenean, lankide askok bizkarra eman zioten: "Niri buruzko komentarioak egiten zituzten, bizkarra ematen zidaten, eta ez zidaten hitz egiten". Apurka, erabat bakartu zela kontatu du, urduri eta ahotsa dardarka. Azkenean, LAB sindikatuko ordezkariek eman zioten babesa: "Sindikatuek utzi egin behar liokete enpresen barruan borrokatzeari, eta jazarpen kasuetan indarrak batu behar lituzkete".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.