Unibertsitateko ikasketek nolako laneratzea duten aztertuko du Espainiako Gobernuak, eta horren arabera erabakiko du beste gradu batzuk martxan jartzeko baimena eman edo ez. Angel Gabilondok, Espainiako Hezkuntza ministroak, adierazi du graduen «lanpostuetarako egokitzeaz» gogoeta egin behar dela, alegia, tituluek eta lan alorrak duten loturaz. «Unibertsitateei ez zaie egotzi behar lanposturik ez sortzea. Gure erantzukizuna da laneratzea bermatzea, heziketa egokia, irekia eta zabala ematea».
Unibertsitateko ikasleen laneratzea bultzatu beharra ezinbesteko jo du ministroak, eta neurriak iragarri ditu. Praktikak indartzeko arau bat hitzeman du; haren bidez, ikasleei modua jarriko diete irakasgai gutxiago hartu arren bekak jasotzeko. Horietan, diru laguntzetan, dago beste berritasuna; bekak nori eman erabakitzeko, notei eman nahi diete garrantzi handiagoa, etxekoen errentari eta horrelakoei baino.
Irakasleen praktika aldia
Gabilondok berri eman du legealdi honetan bertan onartuko dutela irakasleen derrigorrezko praktika aldia ezartzeko legea. Medikuen gisa berean egin beharko lukete irakasleek: lanean beren kabuz hasi aurretik, praktika garai bat egin derrigorrez. Ministroak aurreratu du urtebeteko aldia agintzea dutela buruan, aurretik gaitasunen azterketa bat gainditu beharko dutela irakaslegaiek eta egindako praktikak ebaluatu egingo dizkietela.
Irakasleentzako lan eskaintza publikoak aldatu egingo dira, horrenbestez. Ohiko azterketarekin batera, praktikan egindako lana ebaluatuko diete irakasleei. Ikasturte bat igaroko dute eskola batean: denboraren erdian irakasle lanean arituko dira zuzenean, eta beste erdian, heziketa jasotzen.
Laneratzearen arabera onartuko dituzte graduak
Gabilondok adierazi du ikasketek lanpostuetan duten «egokitzea» zein den aztertu behar dela graduak abian jartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu