Langabeen kopurua %3,76 handitu da abuztuan Hego Euskal Herrian

Guztira 95.991 langabe zenbatu ditu INEMek, aurreko hilabetean baino 3.482 gehiago

Miren Garate.
2007ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Bigarren hilabetez jarraian langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian. INEM Espainiako Enplegu Institutuak emandako datuen arabera, abuztuan uztailean baino 3.482 lagun gehiago zeuden enplegurik gabe, %3,76 gehiago. Hala, egun, %6,56 da langabezia tasa. Sindikatuek, gainera, egindako lan kontratu gehienak aldi baterakoak izan direla nabarmendu dute.

Lau herrialdeetan egin du gora langabeziak. Bizkaian aurreko hilabetean baino 2008 lagun gehiago ari ziren lan bila, %5,01; Araban, 641 gehiago, %6,29; eta Gipuzkoan ere 641 gehiago, %2,92. Nafarroan langabezia portzentaje txikiagoan handitu da: han %0,95 egin du gora.

Beraz, guztira, 42.093 lagun daude langabezian Bizkaian; Gipuzkoan, 22.593; Nafarroan, 20.477; eta Araban, 10.828. Joan den urteko datuekin alderatuz gero, ordea, emaitzak positiboak dira, orduan baino 2.158 lagun gutxiago baitaude lanik gabe.



SINDIKATUEN ERANTZUNA. LAB sindikatuak salatu duenez, «kezkagarriena» bi hilabetean jarraian igo izana da. Sindikatuak aditzera eman duenez, INEMek eskainitako datuak ez dira guztiz errealak. LABen esanetan, beste 3.467 lagun ere ari dira lan bila, baina ez dira agertzen langabezia zerrenda ofizialetan, INEMek betetzen dituen kontaketa irizpideak direla eta. Era berean, nabarmendu du emakumeek eta 25 urte baino gutxiagoko gazteek jarraitzen dutela gehienbat langabezian.

CCOOren hitzetan, enpresaburuek uda baliatzen dute lan jarduera gelditu eta langileak kaleratzeko. UGTk, berriz,uste du Eusko Jaurlaritzarena dela erantzukizuna. «EAEko langabezia Estatukoaren bikoitza da ia, horrek argi uzten du Eusko Jaurlaritzak bai langabeziaren eta bai kalitatezko enpleguaren inguruan duen pasibotasuna». Hori dela eta, Gobernuari «apustu sendoa» egiteko eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.