Langabezia %7,9 jaitsi zen iaz, baina prekarietateak berdin jarraitzen du

Hego Euskal Herrian 2006an egindako kontratuen %90 aldi baterako izan dira

ESTITXU ELDUAIEN HERRIA
2007ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Langabe kopurua gutxitu egin da, baina prekarietatea ez. Hala erakusten dute INEMek Hego Euskal Herriko langabeziaren inguruan emandako azkeneko datuek. Datuon arabera, 2005ean baino 8.419 langabe gutxiago egon dira 2006an Hego Euskal Herrian, %7,9 gutxiago. Baina lanean hasi diren langileen gehiengoari, %90i, hain justu, aldi baterako kontratua egin diete.

Iazko abenduko datuak ezagutu ziren atzo, eta hilabete horretako bilakaera ere ez zen oso baikorra izan. Hego Euskal Herrian, azaroan baino 1.044 langabetu gehiago egon ziren urtearen azken hilabetean. Guztira, INEMen izen emandakoak 97.263 ziren. Nafarroan egin zuen gora gehien langabeziak abenduan: abenduan baino 1.031 langabe gehiagok eman zuen izena Inemen. Gipuzkoan, berriz, 434 izan ziren abenduan langabeziara joan zirenak. Araban mantendu egin zen kopurua, eta Bizkaian jaitsi: azaroan baino 421 langabe gutxiago egon ziren.

Langabezia tasa %6,6koa izan zen, horrenbestez, 2006an Hego Euskal Herrian. 2005ean baino ia bi puntu beheragotik amaitu zen iazko urtea, orduan %8,02koa baitzen tasa.



HAINBAT INTERPRETAZIO. «Zoriontzekoa da» datu hori, sindikatu batzuen aburuz. Hala adierazi dute CCOO eta UGT sindikatuek urte bukaerako datuak ezagutu ostean.Batik bat, egin diren kontratu motarengatik daude gustura bi sindikatuok.

Nahiz eta %90 aldi baterakoa izan, «kontratu finkoak gero eta gehiago egiten ari dira, eta horrek argi erakusten du sindikatuek eta patronalak iritsitako akordioak onak direla». 2005ean egindako kontratuen %7 izan dira finkoak; 2006an, berriz, %9,40. «Ia 3 puntu hobetu dugu kontratu finkoen portzentajea, eta hori txalotzekoa da», esan du Loli Garcia CCOO Euskadiko enplegu arduradunak. Halere, Espainiako datuarekin alderatuz «asko dagoela hobetzeko» onartu du Garciak, bertan %60 hazi baita kontratu finkoen kopurua.

UGTko ordezkari Felipe Garciaren ustez, «hobekuntza hau sindikatu batzuek administrazioarekin egindako elkarlanari esker lortu da». Horrekin batera sindikatu abertzaleak kritikatzeko ere aprobetxatu du: «ELA, LAB eta Eusko Jaurlaritzak trabak jarri dituztelako ez dira lortu datu hobeak, elkarrizketa trabatu dutelako».



datua

1.031

Langabe gehiago, Nafarroan. 2006ko abenduan nabarmen egin du gora langabeziak Nafarroan. Azaroan baino 1.031 lagun gehiagok eman du izena INEMen, %5,14 gehiagok, hain justu. Orotara 21. 060 langabe egon dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.