Espero zen bezala, langabeziak nabarmen egin du gora lurralde guztietan. Otsailean baino 14.364 langabe gehiago zenbatu ditu Hego Euskal Herrian. Guztira, 165.578, martxoaren amaieran. Langabezia tasa puntu bat igo da, %12,3ra. Askoz handiagoa da emakumeena (%14,3), gizonena baino (%). Langabezia erregistratuaren barruan ez dira sartzen aldi baterako erregulazioan daudenak (165.000 inguru).
Beste 54 hildako gehiago zenbatu dira gaur; bezperakoa (61) baino kopuru txikiagoa da, baina hala ere oso handia. Guztira, 555 pertsona hil dira Euskal Herrian koronabirusaren eraginez. Erietxeetan, berriz, 3.087 gaixo daude, horietatik 335 zainketa intentsiboetako unitateetan.
Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrak bilkura telematikoa egin du, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak koronabirusaren krisiari buruzko azalpenak emateko, EH Bilduk eskatuta. Bi ikuspegi. Batetik, oposizioarena: berandu eta zenbait unetan gaizki aritzea eta gardentasunik eza leporatu dio Eusko Jaurlaritzari. Bestetik, gobernuarena: unean-unean izandako informazioan oinarrituta jardun izana, lan handia egin izana eta neurri zorrotzak hartu izana aldarrikatu du Urkullu lehendakariak.
Geldialdiak eragin positiboa izan du airearen kalitatean. Hobekuntza orokorra nabaritzen ari da hirietan, Ekologistak Martxan taldeak jakinarazi duenez. NO2aren maila nabarmen gutxitu da. Adibidez, Bilbon, %40; Donostian, %41; Gasteizen, %54; eta Iruñean, %49.
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren zabalpena herriz herri
ZUZENEKOA: Azken orduko albisteen kontakizuna
[19:30ean eguneratuta]
Agian honek ere merezi du
Lehen positiboen lekukotasuna. Koronabirusaren proban positibo eman zuten lehen pertsonek bi astez bakartuta egon ondoren amaitu dute bi asteko berrogeialdi berezia, eta hasi dira kalera irteten. Paulo Ostolazak bildu ditu haien lekukotasun batzuk.
Bideo elkarrizketa. Maite Maiora mendi korrikalaria denboraldi hasieran harrapatu du krisiak ekarritako konfinamenduak. Ainara Arratibelek hitz egin du berarekin bideo dei baten bidez eta bere lekukotasuna jaso du.