gizartea

Langile guztiek bat egin dute Bizkaibuseko goizeko lan etenarekin, ELAren arabera

Bizkaibusen aldaketak salatzeko, lanuzteak hasi dituzte langileek. Ados jarri ezean, ostegunean Bizkaibusen zerbitzua erabat eteteko asmoa dute sindikatuek.

Ilarak, goizean, gutxieneko zerbitzuetako autobus batera igotzeko zain. MARISOL RAMIREZ, ARP
Oihan Vitoria.
2013ko irailaren 24a
16:50
Entzun

Bizkaibusen berregituraketa plana dela eta, sindikatuek ez dute begi onez ikusi Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako proiektua. Neurri horiek gaitzesteko eta “inposatutako” planaren inguruan desadostasuna erakusteko, lanuzteei ekingo diete gaur Bizkaibuseko langileek. Mobilizazioekin hasteko, bi orduko bi geldialdi egingo dituzte: bata, goizean, 07:30etik 09:30era; bestea, arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara.

Goizeko deialdian, langile guztiek bat egin dute lan etenaldiarekin, ELAk jakinarazi duenez. Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak bete direla gaineratu du sindikatuak.

Datozen egunetarako, orobat, ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuek egun osoko grebak iragarri dituzte, eta ostegun honetan bertan, hilak 26, lehenbizikoz etengo dira Bizkaibusen zerbitzu guztiak 24 orduz. Lanuzteen maiztasuna ere areagotzen joango da urrian; astez aste egun bat gehiagoko geldialdiak egingo baitituzte, urriaren 21era bitarte. Azken aste horretan, oro har, Bizkaibusen zerbitzua “erabat gelditzea” da langileen premisa, eta aldundiarekin ados jarri ezean, urriaren 27ra arte luzatuko dira lanuzteak. 

Iragan ostiralean negoziazioak abiarazi bazituzten ere, diputazioak ez du akordiorik lortu sindikatuekin greba deialdia atzera botatzeko. “Aurrerapaso garrantzitsuak” eman direla azaldu zuen UGTko ordezkariak; halere, langileen baldintza duinak bermatzeko “nahikoak ez” direla argudiatu zuten sindikatuek, eta aurrez ezarritako greba egunak errespetatuko dituzte.

Sindikatuek diotenaren arabera, birmoldatze planak urtean milioi bat bidaiari utziko ditu ohiko zerbitzurik gabe, aurrerantzean zazpi ibilbide kenduko ditu eta. Zerbitzuen murrizketez gain, epe laburrean kaleratzeak ere izango direla kritikatu dute: “300 langiletik gora kinka larrian daude”. Ezkerraldea-Meatzaldea izango da neurri berriak gehien pairatuko dituen eskualdea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.