Langileen errentak «arpilatzea» eta iruzurra bultzatzea egotzi dio ELAk Administrazioari

Ugazabek «gero eta zerga gutxiago» pagatzen dituzte, eta presio fiskala Europako «baxuenetakoa» da EAEn

2007ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
«Langileen errentak arpilatzen dabil». Herritar askoren poltsikoak hustea leporatu dio ELAk euskal administrazioari. «Presio fiskala Europako Batasuneko baxuena da, zeharkako zergak gora doaz,eta ugazaben irabaziek gero eta pisu txikiagoa dute». Enpresen erdiek inolako irabazirik ez ei dutela salatu du sindikatuko idazkari nagusi Jose Elorrieta. «Iruzurretan dabiltza, iruzur egiten uzten dietelako». Eta, era horretan, langileen soldatetatik datoz administrazioak laneko errenten bidez bildutako hamar eurotik sei.

Enpresek «zerga apalagoak» pagatzen dituzte urtez urte. Areago oraindik: «Langileek baino 6.000 euro gutxiagoko irabaziak aitortzen dituzte ugazabek, batez beste». Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko zerga sistemari buruzko txostena argitaratu du ELAk, eta datu esanguratsuenez aritu da Ikerketa Bulegoko arduradun Mikel Noval. «Ugazabek 11.726 euroko irabaziak aitortu zituzten 2003an. Langileek, aldiz, 18.315 eurokoak». Zuloa handitzen ari dela, eta enpresaburuen «benetako» errentak oso bestelakoak direla dio.

«Gezurretan dabiltza. Iruzurretan dabiltza». Novalek azaldu du langileenak ez diren errenten %1,2 besterik ez dituela ikuskatzen administrazioak. «Iruzurra bultzatzea da hain ikuskapen gutxi egitea». Hiru herrialdeetan 111 milioi euroko iruzurra antzeman zuten ogasunek iaz. Eta iruzur gehien Sozietateen gaineko Zergari lotutazeuden. «Edo galerak dauzkatela, edo ezer irabazi ez dutela diote enpresen %56k». Horiek «euro bakar bat ere» ez dute pagatzen, baina zabalik segitzen dute.



ENPRESEK KENKARI UGARI. Bestela ere, urtero-urtero gutxiago pagatzen dute irabaziak aitortzen dituztenek. «Eztabaida ugari sortu ditu %32,6ko tasak, baina benetako tasa %17koa da une honetan». Kenkari ugari dauzkate enpresek. «Ogasunek urtebetean 5.793 milioi euro gehiago bilduko lituzkete zerga onurarik ez balego».

Gastu fiskal horrek «batere mesederik» ez die egiten herritarrei. Langileei, besteak beste. Langileen errentek, gainera, gero eta pisu handiagoa dute. PFEZren (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) aitorpenean, hamar eurotik zortzi datoz langileen soldatetatik. Zuzeneko zerga da PZEZ:zenbat irabazi, hainbeste pagatu. Eta zuzeneko zerga «bidezkoagoen» pisua egonkor mantentzen da, zeharkako zerga «bidegabeagoen» gorakadaren aldean.

Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) da zeharkako zerga nagusia. Kontsumoaren araberakoa da, herritar guztiei berdin eragiten die, eta gutxien daukatenen kalterako da, beraz, gainerako zeharkako zergen moduan. Baina Barne Produktu Gordinaren %9,5 izatetik, %10,9 izatera pasatu dira. «Albiste txarra», Ikerketa kabineteko kide Julene Gabiolaren arabera. Zehaztu du hiru ogasunek 12.552 milioi euro bildu zituztela iaz zergen bidez. Diru horretatik, %53 dagokio zeharkako zergei -4.673 milioi euro BEZri-. Zuzeneko zerga guztiena (5.720 milioi euro) bezalakoa da kopuru hori ia-ia.

Are okerrago, Europako Batasuneko txikienetakoa da Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko presio fiskala. «EBn %39,60koa da, batez beste, eta hemen %31koa», Elorrietak ohartarazi duenez. Zortzi puntuko alde hori errepikatu egiten da gizarte gastuaren alorrean. «Barne Produktu Gordinaren %27,6an dago EBko herrialdeen gastua. Euskal administrazioarena, aldiz, %19ra ez da heltzen».

Administrazioak gizarte gastura nahikoa diru bideratzen ez duela, baina urtero-urtero diru gehiago biltzen duela kritikatu du ELAko idazkari nagusiak. «Gizarte gastua handitzeko ez, superabita handitzeko erabiltzen ditu sosak».Ohartarazi du, halaber, enpresek gero eta zerga apalagoak pagatzen dituztela eta, hala ere, ondo hazi dela ogasunek Sozietateen gaineko Zergaren bitartez bildutakoa. «Ugazabek irabazi handiak dauzkaten seinale da hori».

Elorrietak, orobat, atzerakoia iritzi dio administrazioaren politika fiskalari. «Langileen errentak arpilatzen ari da eta ez du borrokatzen iruzurraren aurka. Ez kasualitatez. Pentsaera neoliberal baten ondorio da guzti hau».



«Iruzurretan dabiltza enpresaburuak, iruzur egiten uzten dielako administrazioak»

«Iaz diru gehiago bildu zuen, baina irabazia handitzeko erabili zuen administrazioak, eta ez gizarte gasturako»

jose elorrieta
ela-ko idazkari nagusia




Zenbakia

111

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru ogasunek 111 milioi euroko iruzur fiskala antzeman zuten iaz, baina ugazaben errenten %1,2 soilik ikuskatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.