ELA-REN KONGRESUA

Langileen tresna egokiena borroka dela esan du Elorrietak ELAren kongresuan

XI. Kongresua hasi du gaur ELAk Bilboko Euskalduna Jauregian. Jose Elorrieta idazkari nagusiak sindikatuko 700ren ordezkariren eta hainbat gonbidaturen aurrean egin duen hitzaldiarekin ekin diote batzarrari. Neoliberalismoaren eta "kapitalismo basatiaren" salaketa izan dira Elorrietaren mintzaldiaren ardatzak, eta aldarrikatu du langileak zapaltzen dituen joera horiei aurre egiteko borroka dela tresna egokiena. Halaber, LABekin zuten ekintza batasuna hautsi egin dela iragarri du.

2004ko azaroaren 26a
20:49
Entzun
ELAk "borrokatzeko" asmoarekin jarraitzen duela nabarmendu du Elorrietak; areago, egungo egoeran langileen tresna egokiena borroka dela adierazi du. "Borroka ez da beste alternatiba bat; borrokak egiten du ELA alternatiba. Borroka da neoliberalismoak zapaldutako langileen tresnarik egokiena", esan du.

Hain justu, neoliberalismoaren eta "kapitalismo basatiaren" salaketa izan da ELAko idazkari nagusiaren hitzaldiko ildo nagusietako bat. Gaur egun, neoliberalismoan oinarritutako kapitalismo basatiaren aroa bizi dela iritzi dio Elorrietak, eta joera hori ez dela beste lekuetako, nazioarteko, fenomeno bat, baizik eta Euskal Herrian ere puri-purian dagoela. Ildo horretatik, azken urteak langileentzat zein sindikalgintzarentzat txarrak izan direla agertu du, langabezia jaitsi arren prekarietatea asko handitu delako, batik bat, emakumeena eta gazteena.

Egoera politikoaren azterketa ere gin du ELAko idazkari nagusiak, eta esan du beren apostua eszenatoki berri baten aldekoa dela, eta eszenatoki horretan "indar guztiek" izango dutela politikagintzan aritzeko aukera.

'Egunkaria'-ren itxiera eta 'Berria'-ren sorrera ere aipatu ditu Elorrietak. Une horretan, batzarreko parte hartzaileek txalo zaparrada handiarekin agurtu dute gonbidatu gisa kongresuan den Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendari ohi eta 'Berria'-ko zuzendaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.