Langraizko kartzelaren proiektua isilpean garatzen ari direla salatu du Salhaketak

Epaileak ez du onartu emakume espetxeratuen kontrako sexu jazarpenen kasuan jarritako helegitea

Jon Rejado.
2008ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Langraizko (Araba) kartzela berrirako egitasmoan «isilpean» aurrerapausoak eman dituztela salatu du Salhaketak. «Edozein eraikin egin aurretik beharrezkoa izaten den azterketa arkeologikoa egin dute», jakinarazi du Cesar Manzanos Salhaketako bozeramaileak. Lanak aurrera eramateko iritzi publikoaren zein Araba eta EAEko instituzioen ezjakintasunaz baliatuko direla deritzo Salhaketak, kezkatuta. «Hemengo iritzia bestelakoa den arren, Espainiako Ministroen Kontseiluak erabakitzen badu kartzela eraikitzea, egin egingo dute», ohartarazi du Manzanosek.

Pausoak isilpean egiten ari diren susmoa Langraiz Okan egindako azken bileran hartu zutela jakinarazi dute Salhaketako ordezkariek. «Badakigu kartzelaren harira bilerak egin direla Madrilen, baina alkateak ez zuen ezer esan nahi izan, ezer ez zekiela argudiatuz». Salhaketako kideei, bilera horretan, Langraiz Oka herriko batzar administratiboko presidenteak jakinarazi zien egitasmoaren egileek deitu ziotela eta 2.000 pertsonarentzako zerbitzuak martxan jarri behar zirela esan ziotela. Informazioan dagoen gardentasun falta horrek kezka eragiten die. «Agian, egunen batean, obrak hasi dituztela ikusiko dugulako egin diren bestelako proposamenak entzun gabe», ohartarazi du Cesar Manzano- sek.

Arabako Diputazioaren, Eusko Jaurlaritzaren zein alderdi politiko gehienen iritzia egungo kartzela sistemaren kontrakoa dela gogorarazi du Salhaketako bozeramaileak. Aditzera eman duenez, talde politikoekin egindako bileretan, PSE-EE izan da kartzela erraldoien kontra agertu ez den bakarra.

Kartzela berria eraiki arren zaharra ere mantenduko duten susmoa ere gero eta sendoagoa dela jakinarazi du Manzanosek. Egungo espetxea eraikitzeko bere garaian desjabetu zituzten lurrak, baldin eta jatorrizko erabilera aldatzen badute, itzuli egin beharko lituzketela uste du Salhaketak.



SEXU JAZARPENAK. Langraizko espetxeko segurtasunzuzendariorde ohiaren kontra ustezko sexu jazarpenengatik jarritako salaketarekin aurrera jarraituko dutela gogorarazi dute Salhaketako kideek. Hasierako helegitea bertan behera utzi zuen epaiari helegitea aurkeztu zion Salhaketak, eta, orain dela bi aste, azken hori ere ez zutela onartzen jakinarazi zioten elkarteari. Ez ditu harritu erabakiak. «Normala da, bi epaiak epaitegi berberak eman dituelako», azaldu du Marta Aldanondo Salhaketako kideak. Hala, Probintzia Auzitegian helegitea aurkeztekoasmoa dutela jakinarazi du.

Langraizen hilik agertu zen azken emakume presoaren auziak ere --urtarrilaren 12an aurkitu zuten hilotz-- aurrera jarraitzen duela esan du Salhaketak. Hildakoaren senideen ordezkari gisa jarraitzen ari dira kasua, baina oraindik ere behin betiko autopsiaren emaitzak ez dizkietela eman azaldu dute. «Toxikologia azterketa egin behar zaio oraindik».



«Badakigu kartzela berria dela-eta bilerak egin direla Madrilen, baina Iruña Okako alkateak ezer ez dakiela dio»

«Edozein eraikin egin aurretik egin beharreko azterketa arkeologikoaegin dute Langraizen»

«Espainiako Ministroen Kontseiluak kartzela berria egitea erabakitzen badu, egingo dute»

cesar manzanos
salhaketako bozeramailea




Espetxe egitasmo berrien inguruko jardunaldiak egingo dira Gasteizen

Espainiako Gobernuaren espetxe eredu berria eztabaidagai nagusia izango da Gasteizen martxoaren 31n eta apirilaren 1ean eta 3an egingo diren jardunaldietan. Espetxeak, zertarako eta norentzat? goiburua izango dute, eta Goiuri jauregian eta Gasteizko Gaztetxean izango dira. Kartzela erraldoien ereduaren inguruko eztabaida kalera ateratzeko helburua du Salhaketak jardunaldi hauen bidez. Arratsaldeko seietatik bederatziak arteko saioetan gogoeta sustatuko dute.

Martxoaren 31n Langraizko espetxeko kapilau eta Espetxeratuekiko Pastoralaren ordezkariak eta Arabako hiesaren Kontrako Batzordeko ordezkari batek Euskal Herriko espetxeen egoeraz hitz egingo dute. Mati Iturralde Etxerat-eko ordezkaria Euskal Herritik kanpo dauden preso eta euskal herritarren inguruan mintzatuko da. Larraitz Ugarte abokatu eta zigor betearazpen eredu alternatiboen txostenaren idazkidea emakume presoen egoeraz ariko da.

Apirilaren 1ean, Zuzenbide estatutik zigor estatura izeneko hitzaldia emango du Pedro Santiestevez zigor abokatuak, Zaragozako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasle eta Presoen Babeserako Aragoiko Elkarteko kideak. Cesar Manzanos Salhaketako bozeramaileak eta Jose Mari Larrañagak ere egungo espetxe sistema izango dute hizpide.

Apirilaren 3an adingabeen espetxeei buruz hitz egingo dute Gurasoak elkarteko eta Valladolideko (Espainia) laguntza talde bateko ordezkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.