Bi erakundeen artean izenpetzen duten hirugarren hitzarmena da. Lehenbizikoa 2005ean egin zuten, eta bigarrena, berriz, 2010ean. Orain arte egindako lana ontzat jo, eta aitzina begira elkarlanean sakondu nahi dutela adierazi dute Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidenteak. Gaur Baionan izenpeturiko akordioa 2016tik 2020ra arterako izanen da.
Bi erakundeak kudeaketa plan estrategikoak aldi berean egiten ari direnez, horien barnean "mugaz gaindiko" lankidetza txertatuko dutela ziurtatu dute. Elkarlana, berriz, "ekintza jakin batzuetan" gauzatuko dute. Erraterako, gizarte politiken arloan lan egiten duten egitura eta langileen trukeak erraztuko dituzte, baita ikastetxeetako gazteen artekoak ere. Gipuzkoa eta Lapurdi lotuko dituzten bizikleta bideak egitea izanen da bertze ekintzetako bat. Bi instituzioek partekatzen duten lurraldean mintzatzen diren hiru hizkuntzak bultzatuko dituzte, bertzalde: euskara, frantsesa eta gaztelera.
Aurrekontu orokorrik ez du izanen lankidetzak: proiektu jakin batzuetan ezarriko dute erakundeek dirua. Elkarlanaren jarraipena egiteko, bertzalde, erakunde batzorde bat sortuko dute.
Nafarroa elkartzeko aukera
Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako ordezkariek jakinarazi dutenez, Nafarroako Gobernuarekin ere elkarlanean aritzeko aukera sor liteke laster. Eperik zehaztu ez duten arren, Nafarroako ordezkariek bertze bi instituzioekin lan egiteko borondatea dutela jakinarazi dute.