Lankidetza hitzarmena indartuko dute

Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoak elkarlana arlo ekonomikora hedatzeko azterketak egiten ari dira

Kargua hartu dutenetik lehen aldiz bildu dira, ofizialki, Georges Labazee eta Martin Garitano JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Georges Labazee Pirinio Atlantikoetako presidenteak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena berretsi zuten atzo Baionan. 2011-2015 epean indarrean egonen den hitzarmena aitzineko gobernuek izenpetu zuten; orain arteko ildoak berretsi zituzten atzo, eta jarduna ekonomia arlora hedatzea aztertzen ari direla jakinarazi zuten. Garitanok eta Labazeek agintea hartu dutenetik, lehen aldiz bildu ziren ofizialki atzo. Bi agintariek nabarmendu zuten elkarlanerako borondate irmoa, «aurreiritzirik gabe».

Bi agintariek lankidetza hitzarmen horren barruan gauzatuko dituzten egitasmoak aurkeztu dituzte. Alde batetik, haurrentzako gida bat plazaratu dute, hiru hizkuntzatan idatzia, mugaz alde bietan bizi diren gurasoentzat. Bestetik, kirolari buruzko webgune bat jarriko dute plantan aurki. Gizartea, gazteria, kirola, dokumentazioa eta formakuntza alorretan egingo den elkarlana finkatuko du hitzarmenak.

Bi erakundeen arteko elkarlana funtsezkoa dela nabarmendu du Labazeek. Izan ere, gero eta gehiago dira Lapurdin bizi diren gipuzkoarrak eta, gisa berean, harreman sozioekonomikoak garatzen ari dira bi lurraldeen artean. Garitanok jakinarazi du ildo horretan eragiteko egituren arteko elkarlana indartuko dutela: «Gizarte zerbitzuetan ez ezik, sustapen ekonomikoa eta euskararen garapena izanen dira lankidetza horren beste bi ardatz garrantzitsu».

Elkarren ezagutza

Lankidetza garatzeko baliabideak ere plantan ezarriko dituzte. Horrela, Gipuzkoako Diputazioko langileek, lehenik, eta, gero, Pirinio Atlantikoetako langileek formakuntzak eginen dituzte, eremu bakoitzeko administrazioek dituzten eskuduntzak eta funtzionamendua hobeto ezagutzeko asmoz. Martxoaren 17an eta 14an, Gipuzkoako Diputazioko 70 langilek formakuntza ikastaro bat egingo dute Kontseilu Nagusiak Baionan duen egoitzan. Frantziako antolaketa politikoa eta administratiboa aztertuko dituzte formakuntza horietan. «Kanpoko norbaitentzat aski korapilatsua izaten da Frantziako administrazioek dituzten eskuduntzak», erran du Labazeek. Gisa berean, Kontseilu Nagusiko langileek ere beste ikastaro bategingo dute ondoren Donostian.

Dagoeneko elkarlana abian dela nabarmendu du Labazeek. Horren adibide gisa jakinarazi du aurtengo apirilean alzheimerrari buruzko topaketak egingo dituztela, mugaz bi aldeetan eriek eta familiek jaso ditzaketen laguntzen berri emateko. Osasun arloan dauden zerbitzuez gain, familiek etxeetan eta osasun zentroetan jaso ditzaketen laguntzak aztertuko dituzte topaketetan. Hurrengo urratsa litzateke osasun arloko adituen arteko topaketa antolatzea.

Zaharren arloan ere, formakuntza bereziak ezarriko dituzte plantan, mugaz bi aldeetan dauden laguntza eskaintzak ezagutzeko eta bezeroei zerbitzu eraginkorragoa eskaintzeko. Arazo psikikoen arloa izanen da lehen lan ildoa.

Kirol eskaintza sarean

Aurki sarean ezarriko dute Pirinio Atlantikoetako eta Gipuzkoako kirol egitaraua eta azpiegituren berri. Hiru hizkuntzatan gauzatuko dute: euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz. Gisa horretan, lurralde batean zein bertzean dauden egitarauak denen esku geldituko dira.

Haurren arloan ere mugaz bi aldeetako prozedura zehazten duen eskuliburua zabalduko dute. Hendaian familiak laguntzeko martxan dagoen zentroko arduradunek jakinarazi dute bertan hartzen dituzten haur gehienek guraso bat edo biak jatorri «hispaniarrekoak» dituztela. Batzuk latinoamerikarrak edo afrikarrak dira. Alta, gaztelaniaz dakiten galdetzen badiete ere, ez dute zehaztu zenbat diren euskaldunak, eta, ondorioz, ez dago haiei buruzko zerbitzu elebidunik plantan, baina gehienak Gipuzkoatik datoz. Bi agintariek adierazi dute errealitateak zerbitzuak egokitzeko eskatzen duela, baina Labazeeren zerbitzuek ez dute zehaztu euskarazko harrerarik bermatuko ote duten. Haurren laurdenak euskaldunak direla uste dute familiak laguntzeko zentroko arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.