Udalbiltzaren Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoak hitzarmenak sinatu ditu gaur Iruñean Fiare Banku Etikoarekin eta Herrikoa arrisku kapitaleko elkartearekin. 'Euskal Pirinioetan lan eta bizi' proiektuarekin, Euskal Pirinioen garapen ekonomiko eta sozialerako egitasmoa abiatu du Udalbiltzak 103 herritan: 66 proiektu aurkeztu dira guztira, eta ekainean jakinaraziko du Udalbiltzak zeintzuek jasoko dituzten fondoaren laguntzak (120.000 euro, hogei proiekturen artean banatzeko). Horrez gain, gaurko hitzarmenari esker, Fiarek eta Herrikoak kreditua emateko aukera izango da, "haien finantzaketarako irizpideak betetzen dituzten proiektuen kasuan".
Gaurko hitzarmenak egitasmoa "sendotu" egin duela adierazi du Udalbiltzak, proiektuen ekintzaileek Udalbiltzaren laguntza ez ezik finantzabide berri horiek izanen baitituzte eskura. Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak adierazi du hitzarmen berriek "oso ongi" islatzen dutela Udalbiltzaren filosofia. "Gure iritziz, Fiare eta Herrikoa bezalako entitateek zeregin funtsezkoa dute gure udalerrien garapen ekonomiko eta sozialean, eta Udalbiltzatik indartu egin nahi dugu guztion artean egin beharreko lan hori, programa berrietan gauzatu dadin".
Horrez gain, 'Euskal Pirinioetan lan eta bizi' egitasmoan parte hartzen ari diren guztiei "zorionak eta eskerrak" emateko aprobetxatu du Aizpuruak agerraldia. "Etsipenari eta utzikeriari tokirik utzi gabe, energia positiboa sortzen ari gara Euskal Pirinioetan, ahalegin kolektibo izugarria egiten ari gara, eta ziur naiz emankorra izanen dela".