Lankidetza sektoreko langileek protesta egin dute, murrizketen aurka

urtzi urkizu
2013ko martxoaren 5a
15:06
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lankidetza sektoreko langileek elkarretaratzea eta parodia bat egin dute gaur goizean Bilbon, Eusko Jaurlaritzako egoitzaren aurrean. Jaurlaritzak lankidetzako diru saila %36 murrizteko asmoa duela azaldu du, eta murrizketa horren aurka egin dute protesta 60 lagunek. ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuetako kideek bat egin dute langileen ekimenarekin.

Joseba Gotzon Martin langileak adierazi du Jaurlaritzaren murrizketak ez duela proportziorik aurrekontu orokorren txikitzearekin, eta, horren ondorioz, lankidetza sektorea desagertzeko arriskuan geldi daitekeela. "Bizkaiko Foru Aldundiaren murrizketak ere oso handiak izan dira. Prekarietate handia dago berez sektorean. Eta Jaurlaritzaren erabakiarekin ezingo da proiektu berririk egin". Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 400 lagun inguru dabiltza lanean une honetan lankidetza arloan.

Murrizketak zirriborroaren bidetik joz gero, 2013an Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontuaren %0,35 bideratuko luke lankidetzara, 2002tik lehen aldiz %0,4tik jaitsiz. 20007ko Lankidetzaren Euskal Legeak dio aurrekontua osoaren %0,7 bideratu behar dela lankidetzara.

Internet bidezko sinadura bilketa bat jarri du martxan Euskadiko garapenerako GKEn Euskadiko Koordinakundeak honako webgunean: www.ongdeeuskadi.org. Hilaren 12an, Eusko Legebiltzarrean aurrekontuen bozketa egiten den egunean, beste protesta bat egingo dute kooperazio sektoreko langileek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.