EAE-Nafarroa harremanak

Lankidetzarako protokoloa, datorren astean

Bi erkidegoen arteko elkarlana sendotu eta "herritarrei zerbitzu hobea" eskaintzea da hitzarmenaren helburua. Dokumentuak lankidetzarako 18 arlo jasotzen ditu. Helburu orokorrak aipatzen dira, eta horien garapenerako, "tresna juridiko zehatzak" sortu beharko direla iragarri du Josu Erkorekak.

Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko maiatzaren 4a
08:38
Entzun

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak bi erkidegoen arteko harremanak sendotzeko lankidetza protokoloa sinatuko dute datorren astean. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako presidenteak izenpetuko dute, maiatzaren 10ean, Gasteizen. Eusko Jaurlaritzak atzo onartu zuen hitzarmena gobernu kontseiluan, eta gaur onartu du Nafarroako foru gobernuak.

Dokumentuak elkarlanerako 18 arlo bereizten ditu. Besteak beste, gizarte zerbitzuak, genero berdintasuna eta emakumearen aurkako indarkeria, osasuna eta kontsumoa, hizkuntza politika, bakea eta bizikidetza, hezkuntza eta kultura, eta ogasuna eta finantza-politika. Esparru bakoitzean asmo eta helburu orokorrak adostu dituzte bi gobernuek, eta Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozermaileak adierazi duenez, horien garapenerako "tresna juridiko zehatzagoak" sortu beharko dira, arlo bakoitzeko talde teknikoak biltzen hasten direnean.

Akordioaren helburua "herritarrei zerbitzu hobea" eskaintzea da, Erkorekak azaldu duenez, eta 2009ko uztailean bi gobernuek elkarlanerako izenpetu zuten hitzarmena "eguneratu eta zabaltzea". Elkarlanerako asmoen artean aipatu ditu herritarrek gutxieneko diru sarrera bermatzeko eskubidea ez galtzea erkidego batetik bestera leku aldatzerakoan, euskararen sustapenerako plan bateratua, EITB Nafarroan ikusi eta entzun ahal izateko beharrezko ekinbideak bultzatzea, emakumeen indarkeriaren kontrako protokolo bateratua, Osakidetza eta Osasunbideren arteko oinarrizko koordinazioa, elkarbizitza sendotzeko programa bateratuak eta Espainiako Gobernuaren "asmo zentralizatzailearen aurrean", Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Ituna defendatzeko lankidetza.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.