Datorren urteko eskola kartak ikastetxeen okupazioaz gain hizkuntza politikari buruzko kezka sakonak utzi ditu Ipar Euskal Herrian. Eskola publikoak 13 lanpostu galduko ditu orotara, 8,5 lanpostu eskola elebidunean. Irakasle postuen banaketa sistema eta hizkuntza politikaren helburuak talka egin dute eta hori zuzentzeko bilkura eskatu dio Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) Paueko Akademia Ikuskaritzari.
«Eskola Kartak eragin zuzena du hezkuntza elebidunean», adierazi du Max Brisson EEPko presidenteak, gurasoen azken asteotako sumindura eta hizkuntza politikaren egituraketa kontrajarriak daudela erranez. Irakasleen banaketa egiteko sistema zaharkitua gelditu da EEPren iritziz eta Akademiarekin batera, irakasleak banatzeko irizpideak finkatu behar dira, bereziki eskaintza bermatzen zen tokietan.
«Duela bi urte sortu zen EEP eta lehentasuna eman diogu gela berriak irekitzeari, garrantzi handiegirik eman gabe eskaintzaren egituratzeari eta presaski hori da orain gainditu behar dugun erronka», erran du Brissonek. Hiru eskola sartzetan eskola elebidunean ari diren haurren kopurua %31tik %40 emendatu dela azpimarratu du Brissonek. Hori garatzea eta egituratzea da orain duten eginkizuna EEP osatzen duten erakundeek, Frantziako Hezkuntzak barne. Tokian tokiko egoera aztertu eta erantzun egokia ematea hobesten du EEPk, geletako kopuruen oreka atxikiz.
Botere publikoek berek finkatu dituzten orientabideak beteko ez badira hizkuntza politikaren mugak agerian geldituko liratekeelaazaldu zuen Jean Claude Iriart EEPko zuzendariak.
Euskarak Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bizi duen diglosia egoeran irakaskuntza sistema ahalik eta eraginkorrena bermatu behar dela dio EEPk, lan baldintzak atxikitzea funtsezko baldintza delarik kalitateko lana bermatzeko. «Lanpostu murrizketak eragin zuzena ukanen du 2007ko sartzearen prestaketan eta ondorioz irakaskuntza elebidunean, Botere Publikoak eta EEPk daramaten politikarekin koherentzia eza eraginez», zehaztu du Brissonek. Plantan ezarri dute sistemaren diagnosia egiteko garaia dela erran du, irizpide berriak finkatu ahal izateko. Eskola sartzean hiru irakasle lanpostu sortuko ditu Akademiak. Emendatze apal horrekin neke izanen da hizkuntza politikan adierazitako helburua lortzea, hau da, euskal hiztun osoak sortzea eta lehentasuna ematea eskolari. «Oraindik otsailean gaude eta gauzak doitu daitezke irailerako», erran du Iriartek.
Murgiltze ereduari dagokionez, Akademia eta EEP Seaskako irakasle postuak emateko irizpideak eztabaidatzen ari direla erran zuen. Alta, Seaska eta Akademiaren arteko harremanak geldirik daude. Seaskak zazpi irakasle lanpostu gehiago behar ditu eta zuzendaritzako lanak bermatzeko bi lanpostu gehiago. Akademiak lanpostu bakar bat ez dio onartzen.
EREDU ELEBIDUNARI ERASOA. Ikas-Bi eskola publikoko gurasoen elkartearen iritziz, Paueko Akademiaren erabakiak zuzenean erasotzen du eredu elebiduna. «Aurrekaririk gabeko erasoa da eta kendutako postuak ez ditu banatzen ereduaren baitan, zuzenean desagertzen dira».
Hizkuntza politikaren eragileen artean amildegia ireki dela dio Ikas-Bik, EEPk euskararen aldeko politika aurkezten duen bitartean Frantziako Hezkuntzak euskararen garapenari baliabideak kentzen dizkiolako.
Neke ikusten dute hizkuntza politika ausarta plantan ezartzea eta euskal hiztun osoak sortzea sortzen diren postuei begira. Ikas-Biren arabera 2,5 lanpostu gehiago egonen dira eta ez hiru, EEPk dioen bezala. Baliabide urri horiek eredu elebidunaren garapena kolokan jarri eta EEPren mugak erakuts ditzakeela dio. Brissonek iragarritako gela irekitzeak zalantzan daudela adierazi du Ikas-Bik.
Kendutako lanpostu guztiak berreskuratu arte, mobilizazio eta protesta ekimenekin jarraitzera deitzen ditu gurasoak.
[email protected]
«Lehentasuna eman diogu gelak irekitzeari, garrantzi handirik eman gabe eskaintzaren egituratzeari»
Max Brisson
EEP-ko presidentea
«Botere publikoek finkatu dituzten orientabideak beteko ez balira, mugak agerian geldituko lirateke»
Jean Claude Iriart
EEP-ko zuzendaria
Lanpostuak banatzeko irizpideak hitzartzeko, EEPk bilkura eskatuko dio Akademiari
Hezkuntza Publikoko Eskola Karta eta hizkuntza politikaren helburuak nola uztartu aztertuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu