Euskara

Lantokietako prestakuntza euskalduntzeko laguntzak emango ditu Gipuzkoako Diputazioak

Euskara sustatzeko laguntzak aurkeztu ditu Euskara Zuzendaritza Nagusiak: 2.289.078 euro jarri dituzte, iazko paretsu.

Usurbilgo Lanbide Eskolako hainbat ikasle tailerrean lanean. USURBILGO LANBIDE ESKOLA
Hodei Iruretagoiena
2015eko otsailaren 27a
09:23
Entzun

Laneki elkartearekin elkarlanean, Lanbide Heziketako ikasleek enpresetan egiten duten prestakuntza euskalduntzeko neurriak jarriko ditu martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zigor Etxeburua euskara zuzendariak berri eman duenez. Ikerketa bat egin du Lanekik, 1.457 ikasleri galdetuta: Kepa Altube Eraña kudeatzaileak azaldu duenez, galdetutako ikasleen %83k lan egin nahi dute euskaraz. Gaur egun, enpresetako praktiken %40 egiten dira euskaraz.

Altube Erañaren hitzetan, "oso garrantzitsua" da eremu hori lantzea: bai Lanbide Heziketa euskalduntzen jarraitzeko —ikas-materialekin dihardu elkarteak—, bai enpresak euskalduntzeko. Altube Erañak nabarmendu du inportantea dela, besteak beste, ikaslearen eta lantokiaren arteko lehen harremana euskaraz egitea. Hori sustatu nahi dute prestakuntza euskalduntzeko laguntzak emanda. Etxeburuak zehaztu duenez, gehienez 3.000 euro jaso ahal izango ditu enpresa bakoitzak.

%57 hedabideentzat

2.289.078 euro dirua dute aurten euskara sustatzeko —2.291.577 izan ziren iaz, 2013an baino %1,3 gehiago—. Hedabideentzat izango da zatirik handiena (%57): aldizkako argitalpenentzat, tokiko telebistentzat, irratientzat eta IKT bidezko proiektuentzat. Gainerakoak, tokiko euskara planetarako eta bestelako jardueretarako izango dira laguntzak. Martxoaren 18ra epea jarri dute eskaerak egiteko; lantokien kasuan, apirilaren 30era artekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.