«Osagarriaketa promozioa izateko aukera kendu digute»
Pablo Lekue
EHUko behin-behineko irakaslea
«Behin-behineko egoeran gauden langileak gara EHUk egindako murrizketekin kaltetuenak». Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) irakasle eskolak ematen dituen Pablo Lekuek hala salatu du murrizketen ondorioz lanpostu finkoa ezduten irakasleak bizitzen ari diren errealitatea.«Osagarriak eskatzeko aukera kendu digute», azaldu du Lekuek. Promoziorako aukera izatea da, beraz, diru sarrerak handitzeko duten modu bakarra. «Baina aukera hori ere ixten ari da EHU. Badira lanean bost urte daramatzaten lankideak horretarako aukera zalantzan dutenak. Erretiroetarako planak ere ezabatu dituzte». Gainera, Lekuek gogorarazi du EHUk ez zituela zertan Eusko Jaurlaritzak langile publikoei ezarritako murrizketak aplikatu. «Bainaerakunde arteko leialtasunagatik egin du, eta hori ere salagarria iruditzen zaigu».
2014an desagertu egingo da behin-behineko irakaslearen figura, eta Bolognak ezarritako baldintza berrietara egokitu beharko dute. «Horretarako, eskolak emateaz gain beste hainbat eginkizunbete beharko ditugu: nazioarteko aldizkari zientifikoetan argitalpenak kaleratu, kongresuetan parte hartu...» Lekuek egoki ikusten du hori. «Baina egia da horren ondorioz jardun akademikoa apur bat lausotu egiten dela. Are gehiago, baliabideak ez badira ematen. Oso ondo dago bikaintasunaren eta kalitatearen aldeko adierazpenak egitea. Baina horretarako baliabideak eman behar dira. EHUn ez dute egiten».
«Osasun publikoa hondatzen uzten ari dira, pribatua sustatzeko»
Marian Fernandez
Gurutzetako erietxeko erizaina
Kezkatuta. Halaxe dago Marian Fernandez Gurutzetako erietxeko (Barakaldo, Bizkaia) erizaina, krisiaren ondorioz osasun sistema publikoan egiten ari diren murrizketekin. Kritiko da Jaurlaritzarekin, eta, oro har, erakundeen kudeaketarekin:«Osasun publikoa hondatzen uzten ari dira, pribatua sustatzeko». Jaurlaritzak erretiro aurreratuak eta errelebo kontrakoak kendu dizkiela salatu du: «Gure lana presio psikologiko eta fisiko handikoa da. Ardura handia dugu. Beraz, 67 urterekin erizain edo mediku bat lanean egotea ez da egokiena. Osakidetzako lantaldea, gainera, nahiko zaharra da, berez. Hortaz, egin beharko litzatekeena da erretiroak eta errelebo kontratuak sustatzea». Bestelako arazo batzuk ere badituzte murrizketak direla eta: «Oporraldi eta gaixoaldi asko ez dituzte betetzen, eta, hori dela eta, lan karga ikaragarria dugu. Lan egiteko materialean ere murrizketak izan dira». Horren guztiaren ondorioz gaixoei ez dietela eskaintzen nahiko luketen zerbitzua nabarmendu du. «Zorionez, gehienek ulertzen dute gure egoera, eta alde ditugu».
Oso bestelakoa da, ordea, Jaurlaritzaren jokabidea. Fernandez: «Harro esaten dute Osakidetzak kalitatezko zerbitzua eskaintzen duela, baina gauzak argi esan behar dira: kalitatezko zerbitzua eskaintzen bada, gure profesionaltasunari esker eskaintzen da». Kalera ateratzera deitu du: «Osasuna eta hezkuntza publikoa arriskuan daude. Kalera atera behar dugu, ez guregatik bakarrik, baizik eta etorkizuneko belaunaldiengatik».
«Justiziaren euskalduntzea kolokan jarri dute murrizketek»
Loreto Cabo
Legezko Medikuntzaren EAEko Institutuko langilea
Justizian izan diren murrizketen artean bi dira azpimarratzekoak, Loreto Cabo Legezko Medikuntzaren EAEko Institutuko langilearen ustez. Bat justiziaren euskalduntzearekin dago lotuta. «Hamalau euskara trebatzaile kaleratu dituzte. Haiek, langileei euskara irakasteaz gain, dinamizazio lana egiten zuten. Beraz, justiziaren euskalduntzea kolokan jarri dute murrizketek». Beste kezka ordezkapenena da. «Hiru hilabete igaro arte, gaixoaldiak ez dituzte betetzen. Hori oso larria da, lan kargak ikaragarri handitu baitira. Kasu askotan ez gara iristen, eta horrek atzeratu eta luzatu egiten ditu auziak eta bestelako prozesuak. Egoerak horrela jarraituz gero, gainera, atzerapen hori handiagotuko da».
Soldatak izoztu egin dizkiete, eta gizarte ekintzarako laguntzak murriztu. «Gure soldatatik dirua ematen dugu arazoak edo egoera bereziren bat duten funtzionarioei laguntzeko. Horretarako dirua %21 murriztu dute, baina guri ez digute itzuli».
Atzerapenak gutxitze aldera, abuztuan epaitegiak zabalik egotearen aukera aipatu zuen Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz Gallardonek. Horrekin ere kritiko da Cabo. «Tontakeria hutsa da, eta ez luke ezertarako balioko. Prokuradore eta abokatuek oporrak ezin hartzea da ekar dezakeen bakarra». Notarioak ezkontzez arduratzea ere salatu du. «Orain arte doan ematen zen zerbitzu bat ordaindu egin behar izatea ekarriko luke. Dena, erabaki zentzugabe horrengatik».
«Zerbitzuen kalitatea da murrizten dutena»
Ainhoa Uriarte
Bilboko Udaleko langilea
«Langile publikoen eskubideak murriztu ahala murrizten da zerbitzu publikoen kalitatea ere». Hori ulertzea funtsezkoa da Ainhoa Uriarte Bilboko Udaleko langilearentzat. «Badakit, oro har, udaletako langileak pribilegiatu gisa ikusten gaituztela eta askok uste dutela ez dugula kexatzeko eskubiderik, ez gaudelako horren gaizki. Baina ez gara kexatzen soilik gure lan baldintzak okerrera doazelako, horrek zerbitzu publikoen kalitatean eragina duelako baizik. Azkenean, zerbitzuen kalitatea da murrizten dutena».
Bilboko Udalak aurtengo gastuetarako duen aurrekontua 2005ean zuenaren parekoa da. Eta, gehiago edo gutxiago, sail guztietan jasan dituzte murrizketak. Baita Uriarterenean ere, Ogasun Sailean, hain zuzen. «Lehen hiru administrari zeuden, batek erretiroa hartu zuen, eta orain bik egin behar dute lehen hiruk egiten zutena». Eginbehar gehiago, diru gutxiagoren truke, 2010eko dekretu hartatik ez baitute igoerarik izan soldatetan.
Baina hori adibide bat besterik ez da, Uriarteren hitzetan. «Udaleko sail guztietan izan dira horrelakoak, azken bi urteotan lanpostu asko amortizatu baitituzte». Ziurtatu du erretiroa hartu duten langileek utzitako zuloak ez direla bete,eta amatasun baimena hartu duten asko ez dituztela ordezkatu. «Bulego lanetan gaudenon kasuan, agian, ez da horrenbeste antzematen, herritarrek ez dutelako ikusten zer egiten dugun eta zer ez. Herritarrekin harreman zuzeneko lanetan, ordea, ilarak lehen baino askoz luzeagoak dira, zerbait gaizki doan seinale».