Tren lasterren linea berriak aztertu egin behar zirela eta, bitartean, xede berriak atzeratu egin behar zirela. Hori zen Frantziako Tren Behatokiak emana zuen iritzia. Baina AHT abiadura handiko trenaren Lapurdiko bidearen egitasmoak aurrera jarraitzen du. Frantziako Gobernuak ontzat jo du AHTarentzat Lapurdin zehaztutako bidea. Ingurumen eta Garraio Ministerioaren baiezkoa jasota, proiektua aitzinatzeko bidea libre du RFFk, Frantziako eta Ipar Euskal Herriko trenbideak kudeatzen dituen enpresak. Ministerioaren onespena «aurrerapauso handia» izan dela nabarmendu du RFFk.
2013ko lehen seihilekoan inkesta bat abiatuko duela iragarri du RFFk; AHT linea berriarentzat Onura Publikoa eskuratzea izango da inkestaren helburua. 2014 akaberarako espero du RFFk inkesta amaitzea. Ministerioaren onespenak, bestalde, lurrak erosten hasteko aukera ere emanen dio RFFri.
Bordeletik Okzitaniako Tolosarako eta Bordeletik Hendaiarako tren lasterren lineentzat egindako proiektuak onetsi ditu Frantziako Gobernuko Ingurumen eta Garraio Ministerioak. Herenegun eman zuen erabakiaren berri. Bi linea horien xedeak zuzentzen dituen Gidaritza Batzordeak ilbeltzaren 9an onartu zituen AHT ibilbideak, Bordelen.
Hiru erabaki nagusi hartu zituen batzordeak bilera hartan: Gipuzkoa eta Lapurdiko trenbideak lotzeko garaiera txikieneko proiektua onestea, Donibane Lohizuneko tartean hegoaldeko bideari jarraitzea, eta Uztaritze eta Arrangoitze arteko lotura Santa Barbara hegoaldetik egitea. Ipar Euskal Herriko 90 hautetsi joan ziren bilkurara, baina prefetak ez zituen aintzat hartu haien eskaerak.
RFFk, bestalde, zehaztu du lau urtez eginiko lanen eta azterketen emaitza izan dela orain onetsi ibilbidea. Bordele-Hendaia eta Bordele-Tolosa AHT lineen %40 egokitu egin da, tokiko hautetsi eta erakundeen ekarpenak aintzat hartuz, RFFren esanetan. Ingurumen eta Garraio Ministerioaren onespenak ahalbidetuko du «Frantziaren eta Espainiaren arteko abiadura handiko trenbide loturak» indartzea, Europa iparraldearen eta hegoaldearen arteko trukea indartuz, RFFk dioenez.
Alain Rousset Akitaniako presidenteak txalotu egin du Frantziako Gobernuaren erabakia: «Eskualdeko ekonomiaren hazteko pizgarri bikaina da AHTa, eta lur erabileren politiketarako aukera bat». Ez dute berdin hartu CADE ingurumena babesteko elkarteen taldeko kideek. Ministerioaren erabakia esperotakoa izan dela azaldu duten arren, trenbidearen azterketa teknikoak oraindik bukatu gabe daudela gogorarazi dute. Mobilizazioak iragarri dituzte.
Lapurdiko AHT bidea onetsi du Frantziako Gobernuak
Ilbeltzaren 9an onartu zuten ibilbidea ontzat jo du Garraio ministroak; Onura Publikoa izateko inkesta abiatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu