Frantzia osorako 30 mila milioi euroko finantzabidea ekarriko du estatuak, alegia, urtero bost mila milioi euroko ekarpena. Horren barnean onartu du bi mila milioi euroko funtsa bost proiektu ikertzeko. Atal horretan kokatuko litzateke Lapurdiko AHT atalaren ikerketa, udazken honetan ikerketekin segitzea deliberatuko balute.
Funtsean, Mugikortasuna 21 batzordeak ekainean egindako txostena ontzat jo du Ayraultek. Hirien arteko loturak sendotzea da lehentasuna, AHT bide berriak egitea bigarren mailan ezarriz. Trenbide nagusien loturak egokitu eta arraberritzea izanen da bertze lehentasun bat. Horrekin batera, orain artean gutxi konpondu eta arraberritu diren trenbideak konpontzea izanen da eginkizun nagusia.
Ezustekorik ez dagoela erran du Victor Pachon CADEko presidenteak. Frantziak ez duen dirua engaiatzen duela nabarmendu du Pachonek. Harrigarria deritzo Lapurdiko AHT xedearen ikerketari atalak irekita uztea. "Zer balio ukan dezake 2014an egindako ikerketak goizenik hemendik hogei urtera hasiko liratekeen lanak burutzerakoan?". AHTaren aldeko lobbyari egindako keinu bat dela dio, herritarren sakelatik ordainduko dena.