Lapurtutako umeen harira, justizia eske

Lapurtutako haurren salaketen harira, bi kasu artxibatzea erabaki du Barakaldoko epaitegiak, delituek preskribatu dutelakoan. Senideen bila dabiltzanek protesta egin dute, justizia eske.

Elkarretaratzea egin zuten Barakaldon ustez lapurtutako haurren kasuak argitzeko eskatzeko. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Barakaldo
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Haur lapurtuen auzia kalera atera zuten atzo Barakaldon (Bizkaia). SOS Haur Lapurtuak elkarteak ustez jaiotakoan lapurtutako umeen bila dabiltzan sendiak biltzen ditu, eta hark deituta, elkarretaratzea egin zuten Barakaldoko epaitegiaren aurrean; ustez lapurtutako bi haurren kasuak preskribatutzat jo dituztela salatu nahi izan zuten. 60 lagun inguru bildu ziren protestan, kaltetuei elkartasuna adierazi eta justiziari azalpenak eskatzeko asmoz.

Sofia Salazar eta Maria Galan izan dira justiziaren erantzuna jasotzen lehenak. Erantzuna, ordea, ez da izan beraiek espero zutena. Barakaldoko epaitegiak kasuak artxibatzea erabaki du, delituek preskribatu dutela argudiatuta.

Salazarrek 61 urte ditu, eta txikitatik bizi izan ditu adopzioen istorioek eragindako dudak eta zalantzak. Jaio eta bi urtera atera zuten ama etxetik, eta 6 urte zituela adoptatu zuten. Bere adopzioaren inguruan zalantzak dituen arren beste gai batek eraman du auzitegi aurrera. Izan ere, 1969an seme bat izan zuen Gurutzetan, eta ustez lapurtu egin zioten. Semea jaio ostean eraman egin zuten, eta hurrengo egunean medikuak haurra hil egin zela azaldu zion. Umetxoak bost ordu iraun zuela esan, eta abortu agiria sinarazi zioten; hark, ordea, ez zuen haurraren gorpua ikusi, ehorzketa etxekoek eraman zutela esan baitzioten.

Zalantzak aspalditik buruan bueltaka izan arren, urtarrilean hasi zen gertatutakoaren inguruan ikertzen, telebistan antzeko kasuak ikusi ostean. Enrike Vila SOS Haur Lapurtuak elkarteko abokatuarekin harremanetan jarri, eta beharrezko agirien bila hasi zen. Jasotako agiri medikoak ez datoz bat errealitatearekin, eta umea lurperatuta dagoenik ere ez da inon ageri. Epaileak, kasuak preskribitu duela argudiatuz, ez ditu frogak onartu. «Bila jardun ostean sententzia hau jasotzea ez da bidezkoa».

Maria Galanen kasua antzekoa da. 1965ean alaba bat izan zuen Gurutzetan; aurrekoek ez bezala, berak alaba ikusi zuen. Ondoren, umea hil egin zela esan zioten, eta ustez, ehorzketa etxekoek eraman zuten. Galanek asegurua kontratatua zuen, baina medikuek ez zela beharrezkoa esan zioten. Bost urte geroago beste seme bat hil zitzaion jaioberritan. Bigarren kasu horretan, aldiz, asegurua beharrezkoa zela esan zioten. Horrek errezeloak indartu zituen: «Beti susmatu izan dut irregulartasunak zeudela».

Erantzun gehiagoren zain

Bi emakume horien kasuak ez dira bakarrak. Palmi Fernandez SOS Haur Lapurtuak elkarteko kideak azaldu duenez, Bizkaian 170 kasu inguru daude. Raquel Alvarez da horietako bat. Alaba bat izan zuen 1967an; jaio eta berehala eraman egin zuten, eta ez zioten ikusten utzi. Bi ordu geroago«erabat belztuta» zegoen ume bat erakutsi zieten amari eta anaiari; haren ustez, izoztutako haur bat. Norma Paesek, berriz, garaia baino lehen jaiotako ume bat izan zuen, baina Alvarezen kasuan bezala hark ikusi gabe eraman zuten, eta hilda zegoela esan zioten. «Lastima da; zuk ez duzu eman, ezta oparitu ere, eta hilda dagoela esaten dizute» .

Gurasoen bila dabiltzanak ere badaude elkartean. Marga Zamora Bizkaiko Adoptatuen Elkarteko bozeramailearen arabera, Bizkaian 30 kasu inguru daude. Hura ere adoptatua da, eta 30 urte zituela izan zuen horren berri. Hasieran guraso biologikoen bila ez jardutea erabaki zuen, baina hedabideetan lapurtutako haurren kasuak agertu zirenean ikertzea erabaki zuen. Adoptatutako umetxoen jaiotza agiri askotan «itxurazko» adina baino ez dela ageri dio: «Bi hilabete inguru». Hori susmagarritzat du. Horrez gain, seme-alabei uko egiteko agiria sinatzeko garaian ama askok zer sinatzen zuten ere ez zutela jakiten uste du Zamorak.

Zaila izaten da horrelako kasuetan froga zehatzak topatzea. Fernandezek azaldu duenez, EAEko Fiskaltzaren arabera kasu hauek ez lukete preskribatu behar, delituaren ondorioek hor segitzen dutelako. Azkeneko bi sententzia hauek abokatuen esku daude jada, helegitea jartzeko. «Beharrezkoa den guztia egingo da. Hagara iritsi behar bada, iritsiko gara», ziurtatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.