Ustez ETAk, lau lehergailu eztandarazi zituen atzo Laredon eta Nojan (Kantabria, Espainia), eta, ikerketako iturriek gaur esan dutenez, bonbak hiru eta bost kilo artekoak ziren. Zer lehergai mota zuten jakin nahian dabiltza orain.
Bi herrietan atentatu horien kontrako protestak egin dituzte gaur. Laredoko Udalak, adibidez, eguerdiko hamabietarako elkarretaratzea deitu du, eta berrehun bat lagun elkartu dira udaletxe aurrean. Aurretik, mozioa onartu dute udaletxean, eta erasoek "zuzenbide estatutik" eta Espainiako Konstituziotik ez dituztela urrunduko adierazi dute. Nojako Udalak ere atentatuen kontrako idatzia onartu du gaur.
Santos Fernandez Revolvo (PRC) Laredoko alkateak gaur esan du atzo guardia zibilekin egon zela ekintzen ostean, eta hauek "harrituta" zeudela "ETAk azkenaldian ez zuelako erasorik egin". Ehunka eta ehunka euskal herritar jai egunak pasatzera Nojara eta Laredora joaten direla gogoratu du alkateak eta, haren ustez, baliteke polizia kontrolak areagotzea orain.
Jesus Diaz Nojako alkateak aitortu du eraso horiekin turismoa kaltetu egingo dela, eta udaltzainen bidez segurtasun neurriak ugaritu dituztela jakinarazi du.
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak dei egin dio ETAri armak uzteko, "hori delako bere patu bakarra". Bitartean, egunero erakundearen aurka ariko direla berretsi du. "Izan ere, guk ez dugu udako edo neguko kanpainarik; gu egun osoaren gaude haien gainean".
Bina lehergailu Laredon eta Nojan
Bi bonba Laredon lehertu ziren eta beste bi Nojan, eta aurrez lagun batek Bizkaiko suhiltzaileen egoitzara deitu zuen ETAren izenean, leherketak gertatuko zirela esanez. Laredon erasoak itsas pasealekuan izan ziren, 300 metroren barruan, eguerdia pasatuta zela. Nojan, berriz, Ris hondartzan lehertu zen aurrena, 12:50ak aldera, eta 14:55ean izan zen azken erasoa, golf zelaian. Hemen zen emakume bat zauritu egin zen sorbaldan, baina dagoeneko utzi du erietxea.
Salaketak
Hainbat eragilek salatu dituzte atentatuak. Haien artean, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. "Bonbek gure herriari munduan min handia egiten diote, ez garena islatzen dutelako". ETAk euskal gizartea ez duela ordezkatzen adierazi du Ibarretxek.
Nafarroako Gobernuak "demokraten" batasuna eskatu du ETAren kontra egiteko, eta abertzaleei eskatu die erakunde armatuari "oxigenorik" ez emateko ekimen politiko batzuekin.
Atentatuak
Laredoko eta Nojako lehergailuak hiru eta bost kilo artekoak ziren
ETAk lau bonba eztandarazi zituen atzo Espainiako herri haietan, aurrez abisua emanda. Atentatuen kontrako protestak egin dituzte gaur han. Laredoko alkateak gogoratu du euskal herritar asko joaten dela hara jai egunak pasatzera eta balitekeela polizia kontrolak areagotzea orain. "Guk ez dugu udako edo neguko kanpainarik; gu egun osoaren gaude ETAren gainean", dio Perez Rubalcabak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu