Aspalditxotik dator Erronkariko ibarrean dagoen eskiaren inguruko azpiegitura moldatzeko eta handitzeko proiektua. Erronkariko Batzordeak bultzatu zuen, ibarreko udaletxe guztien adostasunarekin, 90eko hamarkadaren bukaeran. Herritarren artean, ordea, adostasuna ez da erabatekoa izan. Ingurumenarekin lotutako erakunde eta taldeetatik ere entzun dira ahotsak proiektuaren kontra, Larrako Naturgunea eraldatu nahi duelako. Egun legez babestuta dagoen eremu bat babesik gabe gelditu beharko du Larran eski pista gehiago egiteko dagoen asmoarekin jarraitzera.
Aldaketa hori gauzatzeko lehen urratsa Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak eta Mahaiak eman zuen, berriki, CDNk eta UPNk proposatutako lege aldaketa bideratzeko prozesua martxan jar zedin onartu zutenean. Atzo, Aralarrek eskatuta, lan bilera egin zuen Parlamentuko Ingurumen Batzordeak proiektuaren aldekoekin eta kontrakoekin. Datorren astean, hilaren 9an, Larrako Naturguneko babes eremua aldatzeko lege proposamena aintzat hartu edo ez bozkatuko dute alderdiek, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran.
Larrako mugak aldatu gabe, ezinezkoa da han eski estazioaren proiektua gauzatzea. Proiektu horrek Arquitectos Asociados enpresak egin du jasotzen dituen datuak dira jarraian agertzen direnak. Hasierako asmoekin alderatuta, aldeak nabarmenak dira: aurrekontua ia bikoiztu egin da, bi aterpe txikiren ordez, tamaina txikiko bat eta handiko beste bat aurreikusten dira, eta, bi aparkaleku; horietako batek egungoa hartu eta handituko luke.
Aipatzekoa da, halaber, Arquitectos Asociados enpresak eskatuta eski estazioak izanen lituzkeen emaitza ekonomikoei buruzko txostena egin duela Arpa Asociados enpresak, eta, txosten horren arabera, ikuspuntu ekonomikotik proiektua ez da bideragarria izanen. Enpresa horrek, halaber, txostenean bertan onartzen du azken denboraldietako elurrari eta pistetan ibili den jende kopuruari buruzko datuak eduki gabe egin duela ikerketa.
Babestutako eremua: Egun Naturguneen Legeak babestutako 140,85 hektarea hartuko lituzke Larrako eski estazioak, proiektuak zehazten duenez. Eremu horretatik 90,4 hektarea naturgunekoak izanen lirateke, eta, gainerakoak, berriz, naturgunearen inguruko babes eremukoak.
Eskiatzeko pistak: Eski pistak bi eremutan egonen lirateke: batetik, Ferial-Zanpori izenekoan, eta, bestetik, Contienda izenekoan. Ferial-Zanpori eremuari dagokionez, egun dauden pistak egokituko lituzte proiektuak. Gune horretan 5,5 kilometroko luzera dute pistek. Proiektu berriak 11,150 kilometroko luzera izanen luketen bost zirkuitu aurreikusten ditu. Horietako bateko pistak, sei metro zabal izanen du, eta, besteek, lau.
Contiendan, berriz, bost zirkuitu eginen lirateke. 6,6 kilometroko luzera izanen lukete. Pisten zabalera 2,5 metrokoa izanen litzateke, proiektuaren arabera.
Aparkalekuak: Aparkaleku bakarra aurreikusita zegoen hasierako proiektuan. Proiektu berriaren arabera, ordea, egun El Ferial-Zanpori eremuan dagoen aparkalekua handituko litzateke. Egun 83 autorentzako lekua du eta asmoa da 169 izan ditzala. La Contiendan, berriz, 72 autorentzako aparkalekua eginen litzateke.
Aterpeak: Aterpeei dagokienez ere, aldatu dira hasierako eta azken proiektuko asmoak. Bi egitasmoetan bi aterpe berri egiteko aukera aurreikusten zen, baina biak txikiak: 600 metro koadroko bat Ferialen, eta 400 metro koadroko beste bat La Contiendan. Azken proiektuaren arabera, ordea, Ferialen aterpe handi bat eginen litzateke, 1.394 metro koadrokoa, eta 283 lagunentzako tokiarekin. Contiendan, berriz, aterpe txikiago bat eginen litzateke proiektuaren arabera, 292 metro koadrokoa, hain zuzen.
Eragina ingurumenean: Nahasi samarra da proiektua eski estazioak ingurumenean izanen lukeen eragina aztertzerakoan. Proiektuaren egileek Isabel Orzaiz izan dute ingurumen aholkulari Larran eski estazioak eraginen lituzkeen kalteak aztertzerakoan. Ondokoa dio txostenak: «Eragina txikia izanen da, eremu zehatzei dagokiela kontuan hartuta; eraginen lukeen haitz motari dagokionez, ordea, eraginaren garrantzia altua izanen litzateke. Proiektuak aurreikusitako neurriak aintzat hartuta, eragina neurrizkotzat jo daiteke, beti ere obrak modu egokian egiten badira. Eragina, hala ere, handia izan daiteke obrak egiterakoan ingurumenari buruzko neurriak kontuan hartzen ez badira. Pisten ustiaketari dagokionez, ingurumenean izan dezakeen eragina onargarritzat jo daiteke».
Txostenak onartzen du, halaber, basoilarrari kalte eginen liokeela baina espezie horretan proiektuak izan dezakeen eragina ez da garrantzitsutzat jotzen, «basoilarrak bestelako eragin kaltegarriak ere» jasotzen dituelako.
Txostenak aipatzen du, halaber, eski estazioak naturaren ikuspuntutik interesa duten hainbat gune ukituko lituzkeela, eta gune horiek babestuta direla. Larrako Naturguneaz gain, Ukerdi eta Aztaparretako Naturgune Osoak daude eremu horretan. Gune horiek Larra-Aztaparretako Hegaztien Babes Berezirako Eremuan daude, eta, gune hori, Larra-Aztaparretako Interes Komunitarioa duen Tokitzat jotzeko proposatu dute Europan.
Aurrekontua: Azken proiektuaren arabera, ia bikoiztu eginen litzateke Larrako eski estazioaren aurrekontua. Hasierako aurreikuspenen arabera, 2,4 milioi eurokoa zen aurrekontua. Azken proiektuak, berriz, 4,4 milioi euroko aurrekontua zehazten du. Erronkariko Batzordeak Nafarroako Gobernuaren esku utzi nahi du proiektuaren finantziazioa.
Aurreikuspenak: Arpa Asesores enpresak egindako txostenak ez ditu datu positiboak ematen eski estazioaren aurre-ikuspen ekonomikoei dagokienez. Pistak erabat beteta ere, emaitza ekonomikoa negatiboa izanen litzatekeela aipatzen du txosten horrek. Txostenaren egileen arabera, onenean 60.700 eskiatzaile hartuko lituzteke Larrako pistek, eta, txarrenean, 44.100. Kasurik onenean, 98.700 euroko galera izanen lukete pistek, eta, txarrenean, 198.000 eurokoa.
Kontuan hartu behar da, azken hemezortzi urteotako haurrentzako eski kanpainetan 67.700 ikaslek parte hartu dutela, denera. Azken bi urteotako kanpainetan, berriz, 4.000 haur inguruk parte hartu dute, bakoitzean. Txostenaren egileek nabarmentzen dute, halaber, eski estazioaren aurreikuspen ekonomikoari buruzko datuak denboraldi bakoitzeko elur kopuruaren araberakoak izanen direla ere, neurri handi batean.
LARRAKO ESKI ESTAZIOA
Larra, paperean
Naturgunean egin nahi den eski estazioaren aurrekontua ia bikoiztu egin da eta, txostenen arabera, ez da bideragarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu