Literatura

Larrabetzu literaturazaleen plaza bilakatu dute gaur

Irakurle, idazle eta literaturazale andana bildu da gaur Literaturia jaialdian. Irakurle taldeak, liburu aurkezpenak eta zuzeneko emanaldiak antolatu dituzte. Bihar amaituko dira topaketak.

Inigo Astiz
2013ko ekainaren 1a
21:19
Entzun

Euskara hutsez, eta literatura soilik. Bi zutabe horien gainean abiatu zen Literaturia orain bost urte, eta bi zutabe horiei fidel jarraitzen du bosgarren aldian ere. Literaturaren zaletasunaren alde guztiak batzea da ideia, eta herria idazle, irakurle, liburugile eta editoreak bilduko dituen plaza bilakatzea. Eta hori da gaur herriko enparantzak eskaini duen irudia. Literaturari eskainitako plaza batena. Neke handirik ez bertaratutako jende ia guztia argazki bakarrean sartzeko, baina esanguratsua da, halere, jaialdia: txikia bai, baina neurrikoa; txikia bai, baina gertukoa. Pozik azaldu dira antolatzaileak jasotako erantzunarekin.

Irakurle taldeak izan dira goizean. Bost idazle, guztira, bakoitza bere irakurle taldearen aurrean. Larrabetzun izan dira Lourdes Oñederra, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Garazi Goia eta Mikel Taberna. Atsegina izan da solasaldietan giroa, eta bertatik bertara aritu ahal izan dira idazle eta irakurleak beren azken liburuez. Eta umore punturik ez da falta izan. Tabernak, esaterako, umoretik jo du Alkasoroko benta nobela aurkezteko, bere sorterriaz aritu denean: “Nire auzokoak Lesakan jaiotzen garela esaten da hango udaletxera joaten garelako jaiotza agiria sinatzera, eta Beran hiltzen garela, hango hilerrian lurperatzen gaituztelako”. Eta literaturari buruzko gogoeta egin du Oñederrak bere taldean: “Literaturgintzari buruzko gogoeta Oñederrak: «Badaude idazleak nahita sartzen dituen gauza batzuk, baina oharkabean sartzen direnak dira hobekien funtzionatu ohi dutenak. Berez sartzen direnak”.

Laguntza publikorik gabe
Laguntza publikorik ez eskatzea erabaki dute aurten antolatzaileek, eta horregatik hautatu dute aurtengo jaialdiaren leloa: “Kale gorrian”. Eta plazan jarri ohi zuten karparen ordez, behin-behineko bi liburu denda ireki dituzte herriko kale nagusian jaialdira gerturatzen diren argitaletxeen mahaiak jartzeko. Euskal Herrian liburugintzan lan egindako bi pertsona garrantzitsuren izenak jarri dizkiete, gainera, aurrez aurre diren bi gune horiei. Ixaka Lopez Mendizabal izendatu dute bata; besteak beste, Antonio Maria Labaien, Tene Mujika eta Piarres Lafitten liburuak argitaratu zituen gizonaren omenez. Eta Emeterio Verdes Atxirika deitu dute bestea; Lizardi eta Lauxetaren poema liburuak argitaratu zituen eta Bilboko Verdes moldiztegia ezagunaren jabe izan zenaren omenez.

Omenaldia eskertzera azaldu da Larrabetzura Verdes Atxirikaren iloba Larrabetzura goizean, eta lehen Eusko Jaurlaritzak sortu, eta bere aitonarena izandako moldiztegian inprimatutako zigiluak eraman ditu esker on keinu modura. “Garai zailak izan ziren haienak, eta, halere, gauza asko egin zituzten. Eta orain ere ikusten dut gauza asko argitaratzen direla euskaraz”.

Liburu aurkezpenk izan dira eguerdian, eta irakurketa eta poesia emanaldiak arratsaldean. Rafa Ruedaren emanaldia izango da 20:00etan Sirocco ostatuan, eta Bide Ertzean eta Jon Benito idazlearen eta Anariren emanaldiak 22:00etan hasiko dira, gaztetxean.

Biharkoa izango da jaialdiaren azken eguna, eta itzulpengintza izango dute mintzgai gaur goizean Anguleri kultur etxean. Aurkezpenak izango dira eguerditik aurrera, eta musika eta poesia emanaldiak arratsaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.