OSASUNA

"Larri" dauden etorkinak artatuko dituzte, eta jatorrizko herrialdeak ordaindu beharko du zerbitzua

Agustin Rivero Espainiako Osasun eta Farmazia Alorreko Zerbitzuen Oinarrizko Zorroaren zuzendari nagusiak adierazi du medikuek erabakiko dutela paperik gabeko etorkinaren egoera larria den edo ez eta, beraz, artatu edo ez. Gero kontuak jatorrizko herrialdeari eskatuko omen zaizkio. 

2012ko abuztuaren 10a
15:49
Entzun

Agustin Ribero Espainiako Osasun eta Farmazia Alorreko Zerbitzuen Oinarrizko Zorroaren zuzendari nagusiak adierazi du osasun zerbitzu publikoak paperik gabeko etorkin "larriak" doan artatuko dituztela eta, ondoren, etorkinaren jatorrizko herrialdeari pasatuko omen zaio zerbitzu horri dagokion kontua, hark ordaindu dezan. 

Riberoren esanetan, medikuek erabakiko dute paperik gabeko etorkinaren egoera larria den edo ez eta, beraz, artatu edo ez. Medikua omen da erabaki hori harzeko pertsona "egokia", hark bakarrik dakielako tratamentu bat ez hartzeak zer ondorio ekar ditzazkeen. 

"Behin etorkina artatuta, finantzaketaz nor arduratuko den ikusi beharko da", esan du Riberok. "Gu beste herrialde batzuetara joaten garenean, guk ordaindu behar izaten dugu, edo, bestela, gure herriko gizarte segurantzak hartzen du ardura", azaldu du.  

Berriki, Espainiako Gobernuak adierazi du kobratu egingo diela paperik gabeko etorkinei osasun zerbitzu publikoa erabiltzearen truke. El País egunkariaren arabera, 710 euro ordaindu beharko dute urtean osasun zerbitzu publikoa erabili nahi duten etorkin papergabeek: 59,20 euro hilean. 65 urtetik gorako etorkinek, berriz, 155,40 euro pagatu beharko dute hilean; orotara, 1.864 euro urtean.

Paperik gabeko etorkinen artean talde batzuk salbuetsiko ditu Mariano Raxoiren gobernuak osasun zerbitzu publikoa ordaintzetik. Umedun dauden emakumeek, errefuxiatu politikoek, sexu esplotazioaren biktimek eta adingabeek doan izango dute arreta, baina botiken %40 ordaindu beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.