Larri jarraitzen du Zaragozako Ospitale Klinikoan (Espainia) Mikel Egibar euskal presoaren emazteak. Egonkortzen den arte ezingo diote ebakuntzarik egin, eta luze jo dezake horrek, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Egibar bisitatzetik bueltan zirela izan zuten istripua Zaragoza inguruan, asteartean. Emaztea, semea eta alaba zihoazen autoan, eta ospitalean daude hirurak. Emaztea da, ordea, oraindik larri dagoen bakarra.
Egonkorra da semearen eta alabaren osasun egoera, Etxerat-ek berri eman duenez. Ostiralean ohiko gela batera pasatu zuten semea, eta datorren astean eramango dute Donostiako Ospitalera, ebakuntza han egin diezaioten. Alaba atzo heldu zen Gipuzkoako hiriburuko erietxera, eta harrera beroa egin zioten gertukoek sarreran.
Ostiralean izan zuen Egibarrek ospitalean senideak bisitatzeko eta medikuekin hitz egiteko aukera. Etxerat-ek salatu du, ordea, bisitak hamar minutukoak baino ez zirela izan. Egibarrek polizien zaintzapean eta eskuak eskuburdinez bizkar atzean lotuta egon behar izan zuela ere azaldu du.
Asteartean izan zuten ezbeharra presoaren senideek, Zaragozan. Ibilgailuarekin kamioi bat jo zuten, eta suhiltzaileek atera behar izan zituzten. Etxerat-ek atzo igorri zituen autoaren argazkiak; erabat birrinduta ageri da. Adingabeak dira Egibarren seme-alabak: semeak 14 urte dauzka, eta alabak, 12. Erietxeratuta daude.
Zuerako espetxean (Zaragoza) daukate Mikel Egibar, etxetik 300 kilometrora. Zizurkilgoa da (Gipuzkoa), eta hango udalak mozio bat onartu zuen aho batez herenegun; sakabanaketa salatu zuten. Bilduko zinegotziek eta EAJkoak bozkatu zuten alde.
Larri jarraitzen du Mikel Egibar presoaren bikotekideak
Ebakuntza egiteko zain dago andrea, eta luze jo dezakeela jakinarazi du Etxerat-ek; semea eta alaba ere erietxean dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu