Uholdeak. Ondorenak

Larrialdi planean hutsuneak ikusi ditu Izagirrek, eta hitza eman du zuzenduko dituela

Alfer lanik ez egiteko, Txomin-Eneko zenbait etxebizitza orain botako ditu Donostiako Udalak, ez hemendik urtebetera

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Hondamenetik ikasbidea ateratzeko urratsa iragarri du Donostiako alkateak, Juan Karlos Izagirrek. Uholdeei eta horrelako larrialdi egoerei aurre egiteko planean gabeziak daudela ohartarazi du, eta hobetzeko hitza eman du. Alkateak berretsi du uholdeak izan diren aldi osoan etenik gabe segitu dutela larrialdi plana. Bizilagunen kexak ikusita, ordea, «autokritika» egiteko tartea hartu du: «Porrota da norbaitek ez badu sentitu kasu egin diogula». Horren atzean larrialdi planaren hutsak daudela uste du Izagirrek, eta azterketa egiteko agindu du.

Martuteneko eta Txomin-Eneko bizilagunen kexak jasotzen izan dira udal gobernuko ordezkariak bi egunez. Bileren balioa goratu du alkateak; alegia, jakin arren joanda epelak entzun beharko zituztela aukera hori egin dutela. Loiolan eta Martutenen egin dutenez, Txomin-Enean ere jarriko dute informazioa emateko bulego bat; gizarte zerbitzuetako, hirigintzako eta lege alorreko teknikariak daude gune horietan, beharrean diren auzotarrei laguntzeko. Ehunka pasatu dira jadanik.

Bulego horietan ematen duten aholkua berretsi du Izagirrek: jo aseguruetara kalteen-ordaina eskatzera. «Lehen pausoa da, berebiziko garrantzia duena». Aseguruen Espainiako Partzuergoa hasia da kalteak zenbatzen; asteartean izan daiteke lehen emaitza.

Udalak berak ere jarriko du dirua: 500.000 euroko diru saila agindu du sortutako kalte larrienak berehala konpontzeko; beste diru sail bat ere jarriko du, izango diren gastuei aurre egiteko.

Etxera itzuli ezin direnentzako neurriak ere hartu ditu Donostiako Udalak. 30 bat dira. Etxera itzultzeko modua izango dute batzuek pare bat hilabete gabe. Beste batzuenak, berriz, eraitsi egingo dituzte. Lehendik adostua zuten. Urtebete barru zituzten botatzekoak, baina azkartu egin dute hori. Beste etxe bat emango diete.

Luzeagora begira jarri da Izagirre alkatea: Urumea ibaiak Martutene inguruan sortzen dituen arazoei behin betiko irtenbidea ematea ezinbestekoa dela nabarmendu du. Elkarlanean aritzeko eskatu die beste erakundeei. Elkarrekin aritzearen aldeko adierazpen ofizial bat egiteko asmoa du alkateak; hurrengo osoko bilkuran aurkeztuko du.

2.000 txostenetik gora

Espainiako Gobernuak jakinarazi du hilabeteko epea zabaldu duela uholdeetan kalteak izan dituztenen eskariak jasotzeko. Beste aukera bat ere aipatu du Ramon Jauregi ministroak: dekretu zehatz bat egiteko prest legokeela gobernua, Jaurlaritzak edo Gipuzkoako Diputazioak eskatuko baliote. Galdera eginda, Jaurlaritzako iturriek baieztatu dute harremanetan jarriak direla Madrilekin laguntzen harira, baina ez dute gehiago zehaztu; gauzak zehatzago jakin arte ez aurreratzea erabaki du diputazioak. ENBA baserritarren elkarteak dagoeneko eskatu ditu aparteko laguntzak, haien egoera «beldurgarria» dela iritzita. Bitartean, informazio bulegoetan 2.000 txostenetik gora egin dituzte jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.