Larrialdietako murrizketek zerbitzuari eraginen diotela salatu dute alkateek

Nafarroako medikuen sindikatuak ere kezka agertu du osasun eredu berriari buruz; ez dutela informaziorik jaso diote

Osasunaren arloko murrizketak salatzeko elkarretaratzea, atzo, San Francisco Javier egoitzan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Kezkatuta. Halaxe daude Agoitz, Baztan eta Altsasuko Bilduko alkateak, Nafarroako Gobernuak osasun eredua aldatzeko abian jarritako erreformaren aurrean. Aldaketa baino gehiago murrizketa dela argi dute, eta eraginen diola herritarrek jasotzen duten zerbitzuari. Medikuek ere zalantza anitz dute martxan jarritako prozesuari buruz. Nafarroako Parlamentuan agertu da haien sindikatuko ordezkari Juan Carlos Sanchez de la Nava; jasotako informazioa eskasa izan dela nabarmentzeaz gain, argi utzi du Osasun Departamentuak mahai gainean jarritakoa, plana ez, asmoen adierazpen bat baino ez dela.

Asmo horiek gauzatuz gero, landa eremuetako larrialdi zerbitzuetan izanen lukete eragina, batez ere. Halaxe uste dute Agoitz, Baztan eta Altsasuko alkateek, Osasun Departamentutik helarazi dieten informazioa kontuan hartuta. Hori dela eta, haien haserrea azaldu dute, bai eta neurri horien aurka lan egiteko borondatea ere.

Agoitzen, osasun etxeak orain arteko lehen mailako arreta eskaintzen jarraituko luke. Larrialdietako zerbitzuan, berriz, aldaketak gertatuko lirateke: medikuak eta erizainak ez lukete osasun etxean bertan egon beharrik, orain bezala; nahikoa izanen litzateke deiari erantzuteko moduan egotea. «Arazoa da hemengo langileak Iruñean bizi direla; zerbitzua eskaini ahal izateko, Agoitzera etorri beharko lukete, orain bezala, baina lan baldintza kaskarragoetan; horrek zerbitzuan izanen du eragina», adierazi du Agoizko alkate Unai Lakok.

Antzekoa gertatuko da Baztanen, aldaketek aurrera eginez gero. Orain Elizondon eta Oronozen daude larrialdietarako zerbitzuak, baina Oronozen, eredu berriaren arabera, medikuak eta erizainak ez dituzte txandak bertan eginen. «Larrialdietan garrantzitsuena gaixoak ospitalera eramatea da; Oronozko zentroan medikurik ez bada, denbora galdu eginen da», erran du Baztango alkate Begoña Elizegik.

Daturik eta txostenik gabe

Sakanan, Altsasun eta Etxarri Aranatzen daude larrialdietarako zentroak. Asmoa da Etxarri Aranatzen ere txandak zentroan bertan egon gabe egitea. «Zer gertatuko da hainbat larrialdi bada aldi berean?», galdetu du Altsasuko alkate Garazi Urrestarazuk. Egoera berean egonen dira bertze hainbat herri, Nafarroan dauden landa eremuetako 45 larrialdi zerbitzuetako hogeitan eginen baitituzte txandak zentrotik kanpo.

Galdera anitz dute alkateek, eta informazio gutxi. Ez dira bakarrak. Medikuen sindikatuko ordezkari Juan Carlos Sanchez de la Navak nabarmendu du Osasun Departamentuko arduradunekin eredu berria zehazteko lan egiteko prest direla, baina, oraingoz, abiapuntutzat hartzeko agiririk ez dutela. «Egin nahi denari buruzko bideragarritasun planik edo informazio ekonomikorik ez dugu jaso».

Orain arteko sistemaren alde egin du Sanchez de la Navak. «Zer hobetu bada, baina horrek ez du erran nahi orain arte egindako guztia bazter utzi behar denik». Informazio eza salatu dute oposizioko taldeek ere. NaBai, Bildu eta Ezkerra beldur dira aldaketek murrizketak ekarriko dituzten.

PSNko kide eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikarako kontseilari Elena Torresek Espainiako Gobernuak hartu neurriei egin die so, eta paperik gabeko etorkinak osasun txartelik gabe uzteko asmoa «xenofobiaren mugan» dela salatu du. Ezkerrak eta Munduko Medikuek ere neurri horren kontra egin dute. PSOE haren aurkako helegitea aurkeztea aztertzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.