Larrialdietarako prestaketa jaso dute EAEko 17.000 irakaslek baino gehiagok

Ezbehar handiei eta eguneroko istripu txikiei aurrea hartzeko arau berria aurkezten hasi da Jaurlaritza

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetako 17.000 irakaslek baino gehiagok larrialdietarako eta ebakuaziorako prestaketa jaso dute. Ikastetxeetako arriskuen prebentzioa eraginkorra izan dadin hezkuntza sistemako langile guztiak prestatzearen garrantzia nabarmendu du Marisol Esteban Hezkuntza Saileko sailburuordeak. Horren haritik jarraituko dutela gogorarazi du, eta ikasturte hasieran Autobabeserako EAEko Araua aurkezten hasi dira 688 ikastetxe publikoen zuzendarien aurrean.

Autobabeserako Araua iragan urte bukaeran onartu zuten, eta, besteak beste, ikastetxeentzako aholkuak bildu zituzten. Larrialdi egoerak saihesteko babes neurriak ezartzea proposatu zuten. Larrialdi horien artean suteak daude, lesio larri edo arinen ondorioz sortutako larrialdi medikuak, lehergailu mehatxuak, leherketak, uholdeak... Egoera horietan eman beharreko pausoak jakinaraziko dizkie Hezkuntza Sailak ikastetxeetako zuzendariei, eta horiek irakasleei jakinaraziko dizkiete.

Hezkuntza Sailak, Herrizaingo Sailarekin batera, 668 ikastetxe publikoetako zuzendariei prestaketa ikastaroa eskainiko die urtarrilera arte. Horren ostean, hitzartutako ikastetxeekin eta ikastetxe pribatuekin lanean hasiko dira.

Ezbehar handiak eta txikiak

Ikastetxeek babes plan bat egin beharko dute, baita indarrean eduki ere zenbait ekimenen bitartez: simulazioak... Ordea, horrekin batera Lehen Hezkuntzara bideratutako unitate didaktikoak ere banatu ditu ikastetxeen artean Herrizaingo Sailak. «Ezbehar handiak ez ezik, maizago gertatzen diren ezbehar txikiak gutxitzea da helburua», azaldu du Pedro Anitua Eusko Jaurlaritzako Larrialdien Arreta eta Mateorologiako zuzendariak.

Unitate didaktikoen bitartez istripuak aurreikusten jakiteko aholkuak edota eguneroko ezbeharrak saihesteko gomendioak landuko dituzte ikasleek: hondamendi naturalak, mendira joatean kontuan hartu beharrekoak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.