Gaur gauean egingo dute eztabaida hautagaiek ETB2 telebista katean, gazteleraz. Euskarazko eztabaida asteartean izan zen, eta han izan ez ziren bi hautagai ariko dira gaztelerazkoan. Miren Larrion EH Bilduren Arabako zerrendaburuak Maddalen Iriarte Gipuzkoakoaren lekuan egongo da, eta Alfonso Alonso PPren zerrendaburuak Laura Garrido ordezkatuko du. Iñigo Urkullu EAJkoak, Idoia Mendia PSEkoak eta Pili Zabala Elkarrekin Podemosekoak errepikatu egingo dute eztabaidan.
ETB1eko eztabaidak zer esan asko eman zuen, dela edukiagatik, dela zenbait hautagairen euskara mailagatik. Erabakitzeko eskubidearen defentsan, enplazamendu zuzena egin zion Maddalen Iriartek Iñigo Urkulluri: "Zure ondoan izango nauzu". Hark, erantzun: "Egin dezagun bidea". Eztabaida PSEk euskarari buruz egindako bideoak eragin zuen haserrearen erdi-erdian izan zen, eta bideoan esandakoei eutsi zien Mendiak: "Beharrezkoa al da forentseei PL3 bat eskatzea?".
100.000 pertsonak baino gehiagok ikusi zuten uneren batean saioa, Kantar Media neurketa sistemak emandako audientzia datuen arabera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %5,6ko pantaila kuota izan zuen saioak, eta Twitterren ere #i25debatea traola Espainiako Estatuko joera nagusien artean izan zen. Euskaraz idatzitako txioen artean, berriz, aurrena izan zen eta hala jaso zuen BERRIAk eta Elhuyarrek elkarlanean hauteskunde hauetarako sortu duten termometro digitalean.