EPAIKETAK

Larunbatean agertuko dira ezkutuan dauden Pinedo eta Ruiz

Gasteizko Harresiak deitutako ekitaldian amaitutzat emango dute hiru hilabeteko desobedientzia ekintza. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2017/[/Berriatb]

2014ko urtarrilaren 14a
14:28
Entzun

Duela hiru hilabete, ezkutatzea erabaki zuten Goizane Pinedo eta Unai Ruiz gazteek, eta amaitutzat eman dute beren "desobedientzia ekimena"; iragarri dute datorren larunbatean jendaurrean agertuko direla, Gasteizen. Egun horretarako epaiketa politikoen aurkako giza harresia antolatu dute Arabako hiriburuan, eta ekitaldi hori baliatuta agertuko dira gazteak jendaurrean. Haien ustez, Gasteizko Harresiak larunbaterako deitu duen egitasmoa "mugarria" izango da, hiru mila lagun inguru batu nahi direlako giza kate batean, eta haiek ere ekarpena egin nahi diote jendaurrean agertuz.

Urriaren erdialdean gazte mugimenduaren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalean hasitako epaiketara ez agertzea erabaki zuten bi gazteek —Irati Mujikarekin eta Idoia Iragorrirekin batera—, eta iritzi diote orduan hartutako erabakiaren helburua bete dutela: "injustiziak" ikusaraztea, "eraso guztiak amaitzeko harresiaren eraikuntzan harri koskorra" jartzea eta desobedientziaren bideari ekarpena egitea.

Bideo batean

Bi gazteek erabakiaren berri eman dute BERRIA egunkarira igorritako bideo batean. Gasteizko taberna batean grabatu zuten bideoa joan den igandean, eta hainbat lagunekin ageri dira irudietan. Diotenez, azken hiru hilabeteotako jarduna ez da "alferrikakoa" izan: "Guztion konpromisoari esker, Euskal Herri osoak du gure aurkako epaiketen berri, eta hori salatzeko ekitaldi herritar ugari antolatu dira, Euskal Herrian oro har, eta Gasteizen bereziki". Gogoratu dutenez, azken hiru hilabeteetan lagun ugarik hartu dituzte etxean, eta ekinaldi "desobediente" ugari egin dira Euskal Herriko txoko askotan.

Aitortu dute "gogorra" izan dela denbora honetan guztian etxetik kanpo egotea, eta "apur bat nekatuta" daudela. "Latza da gehien maite dituzun pertsonekin, gurasoekin, kuadrillarekin eta lagunekin harremanik ez izatea", adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.