Etxerat elkarteak gogoratu du Jose Mari Perez Txuri (Zarautz) euskal presoak duela lau urtetik libre egon behar zuela, eta presoen aurkako salbuespen politika salatu du. Larunbatean haren askatasuna eskatzeko manifestazioa izango da Zarautzen, 18:00etatik aurrera; udaletxe aurrean hasiko da.
Perezek lehengo astean bihotzekoa izan zuen Burgosko (Espainia) espetxean zela, kirola egiten ari zela. Senideek erietxean bisita egin diote, eta presoaren osasun egoerak hobera egin duela esan dute. Haren arreba Pili Perezek gaur esan du familiak ez duela ospitalean bisitatzeko arazorik, oraingoz.
1987an atxilotu zuten, ETArekin lotuta. 25 daramatza kartzelan. 2008ko abenduan geratu behar zuen libre, baina zigorra luzatu zioten, 197/2006 doktrina ezarrita.