Preso gaixoak

Larunbateko martxara deitu dute, preso erien "larritasuna" irudikatuz

Aldarrikapen ekintza bat egin dute Gasteizko Artium museoaren atarian, Lopez de Abetxuko presoa eta gainerakoak libre lagatzea galdegiteko. Bideoa: presoen etxeratzearen aldeko ekintza. [Youtube]http://youtu.be/W3uP395OjyE[/Youtube]

2014ko uztailaren 8a
13:26
Entzun

Jose Ramon Lopez de Abetxuko gasteiztarra eta gaixo dauden beste hainbat preso aske uztea "premiazkoa" dela aldarrikatu dute gaur, Gasteizen. Artium museoaren parean dagoen eskultura bati lotuta, ohe bat jarri dute zintzilik, horretan gaixo bat zegoela irudikatuz, eta, azpian, Jose Ramon Lopez de Abetxuko askatu! SOS Preso gaixoak zioen pankarta.

Lopez de Abetxukok 64 urte ditu, eta 24 urte egin ditu espetxean. Kartzelan daraman denbora gehiena gaixo eman du: bihotzeko gaitza dauka, hainbat ebakuntza egin dizkiote, eta gaixotasun degeneratiboak ditu. Villabonako kartzelan (Asturias, Espainia) dago egun.

Azaldu dute azken hilabeteetako egoeraren ondorioz "alarma guztiak" piztu direla, eta "gobernuen mendeku nahia hainbat preso politikoren bizitza arriskuan jartzera" heldu dela. Halere, ez daude soilik Lopez de Abetxukoren egoerarekin arduratuta. Ventura Tome, Txus Martin, Aitzol Gogorza eta Ibon Fernandez Iradi presoen egoera "larria" ere ohartarazi dute.

Horren harira, Sarek larunbaterako antolatu duen manifestazioan parte hartzera deitu dute. Gaixo dauden presoak aske uzteko eskatuko dute Gasteizko kaleetan. Arratsaldez egingo dute manifestazioa, Leizaola plazatik 19:00etan irtenda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.