Etzi Bilbon euskal presoen eskubideen alde izango den mobilizazioan (17:30, Casilla) arlo, sentsibilitate, sinismen eta ideologia askotako herritarrak bilduko direla azpimarratu dute gaur Bilbon bertan eragile batzuek. Espetxe politikaren aldaketan aurrerapausoak eman, giza eskubide guztiak errespetatu, eta konponbidea eta bakeari jendartean bultzada emateko beharrezko ikusten dute martxa. Iratxe Urizarrek, Giza Eskubideen Behatokiko kideak, eta Txerra Bolinagak, Eleak mugimenduko bozeramaileak hartu dute hitza.
“Siglen gainetik, pankarta honen atzean euskal jendarte osoak du lekua”, adierazi du Urizarrek. Frantzia eta Espainiako gobernuek duten itxikeria eta blokeoa amaitzeko, “herritarren aktibazioa” eta “mobilizazioa” ezinbestekoak direla nabarmendu du. “Ziur gaude larunbatean Bilboko kaleetan argi geratuko dela euskal jendartearen gehiengo handi batek sakabanaketaren amaiera, 197/2006 doktrina bertan behera geratzea eta gaixo dauden presoen askatasuna aldarrikatzen duela”.
Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira pankartaren atzean, hainbat gizarte eragile eta norbanako bildu dira Bilbon gaur, Herrira-ko kide eta mobilizazioaren sustatzaileekin batera.
Etzi, goizetik, Bilboko Areatzan zein Alde Zaharrean, egitarau oparoa izango dela gogorarazi dute. Mobilizaziora joateko autobusak edo bestelako garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin diete herritarrei.
Lokarri-ren babesa
Lokarri herritar sareak atxikimendua agertu dio etziko manifestazioari, eta iragarri du bere ordezkariak han izango direla. "Urtebete pasatu da ETAk jarduera armatua betiko bukatu zuela, eta euskal gizarteak oso aukera ona du bake prozesua egonkortzeko eta bizikidetza eraikitzeko. Erronkari aurre egiteko irizpidea giza eskubideen errespetua da, eta presoek euren eskubideak bermatuta eduki behar dituzte", esan du Lokarrik prentsa ohar batean.
Herritar sarearen arabera, "salbuespen" politika darabilte euskal presoen aurka, "zigorrean eta mendekuan oinarritutakoa delako. Justifikaezina da, are gehiago gaurko prozesua aintzat hartuta".
Egoerari konponbidea aurkitzeko "ezinbestekoa" dela deritzo alderdi politikoen akordioa.
Kataluniatik 70 atxikimendu
Kataluniako 70 lagun ezagunek ere atxikimendua azaldu diote larunbateko martxari. CiU (Carles Campuzano), ERC (Oriol Junqueras, Gemma Calvet, Joan Tarda), ICV-EUiA (Dolors Camats, David Companyon ) eta CUPeko (David Fernandez, Georgina Rieradevall, Quim Arrufat ) legebiltzarkideak daude haien artean, baita politika eta gizarteko kideak ere: Josep Lluis Carod Rovira ERCko presidente ohia, Ernest Maragall PSCko kide izandakoa, Consol Casals ekintzaile feminista, Vicent Partal Vilaweb.cat-eko zuzendaria, Lluis Llach abeslaria...