Osakidetzak orain dela bi urte egin zuen lehen arretako zerbitzuaren «berrantolaketa». Aldaketa handiena hau izan zen: 48 osasun etxek utzi egin zioten larunbat goizetan zerbitzua emateari, hau da, zerbitzu hori ematen zutenen %40k. Gainera, pediatria zerbitzua kendu zuten. Osakidetzak esan zuen «antolaketa irizpideengatik» hartu zuela erabakia. Langileek eta erabiltzaileek gogor salatu zuten erabakia, eta hilabeteak iraun zuen lan gatazka izan zen EAG Etengabeko Arreta Guneetan. Azkenean, UGTk baino ez zuen sinatu akordioa Osakidetzarekin. Gaur egun, erabiltzaile asko ari dira jasaten neurri haren ondorioak eta gorabeherak.
«Nahi dutena ez da aurreztea, hobeto gastatzea baizik. Iaz [2010ean] larunbat goizeko lehen arretako zerbitzuek 3,5 milioi euroko kostua izan zuen Osakidetzarentzat; erabaki honekin gastua 3,2 milioira jaitsiko da». Osakidetzako zuzendari nagusi Julian Perezek hitz horiekin defendatu zuen larunbatetako zerbitzurako proposamena. Gainera, nabarmendu zuen etengabeko arretarako guneak 35etik 44ra igoko zituztela eta 73 langile kontratatuko zituztela horietan lan egiteko.
Sindikatuek haserre hartu zuten neurria. Salatu zuten larunbatetan kasu egiten zuten medikuen kopurua %17 murriztuko zela, eta erizainena %24. Gogorarazi zuten, gainera, zerbitzu hori eskaintzen zutenak ez zirela langile finkoak eta, horrenbestez, lanpostuak galduko zirela. Neurria «oinarririk gabe eta presaka» hartu zela salatu zuten; nabarmendu zuten aldaketekin larrialdi zerbitzuek gainezka egingo zutela eta arretaren kalitatea jaitsi egingo zela. Alderdiek ere ez zuten begi onez ikusi proposamena, eta erabakia berriz aztertzeko eskatu zioten Jaurlaritzari. Beraiei jakinarazi aurretik neurria prentsan zabaltzea egotzi zioten Osasun sailburuari.
Neurriak lan gatazka luze bat eragin zuen Etengabeko Arretako Guneetan. Langileek grebak eta lanuzteak egin zituzten. Kezka eta haserrea ziren nagusi langileen artean. «Ordutegiak murrizten ditu, egutegiak aldatzen ditu, soldatak jaisten dizkigu, zerbitzuak gainezkatzen ditu, pediatra zerbitzua kentzen du, profesionalak desmotibatzen ditu eta, arduragabetasunez, herritarrei eskainiko zaien asistentziaren kalitatea kolokan jartzen du». Lehen arretako langileek duten baldintza berberak eskatu zituzten.
Azkenean, urtebeteko gatazkaren ostean, UGTk bakarrik sinatu zuen akordioa Osakidetzarekin. Gainontzeko sindikatuek gatazka «ustel gainean ixtea» leporatu zioten. SATSEk, Sindikatu Medikoak eta CCOOk honela azaldu zuten ez sinatzeko erabakia: «Akordioan aipatzen ez ziren hainbat neurri hartu ditu bere kabuz Osakidetzak, eta, gainera, gure akordioa larrialdietako langileei zabaldu nahi diete. Ez zaigu egokia iruditzen». Osakidetzak harriduraz hartu zuen erabakia: «Berrantolaketa egin aurreko lan baldintzak izatea proposatzen genien».
Azken urtean ez da arazo nabarmenik izan, baina erabiltzaile askok beste herri batzuetara joan behar izaten dute larunbatetan arreta jasotzera.
Larunbatetako arretaren «gorabeherak»
Osakidetzak 48 osasun etxetan larunbatetako arreta kentzea erabaki zuen orain dela bi urte. Erabakiak haserretu egin zituen langileak eta erabiltzaileak. Osakidetzako arduradunen arabera, «antolaketa irizpideengatik» egin zuten, ez murrizketengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu