BIKTIMAK

Lasa eta Zabalaren senideei kalte-ordainak ukatzeko erabakia aztertzen ari da Brusela

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ukatu egin zien GALen biktima izateagatik dagokien ordaina, Joxean Lasa eta Joxi Zabala ETAkoak zirelakoan.

Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren senideak, 'Lasa eta Zabala' filmaren aurre estreinaldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS
2017ko uztailaren 5a
16:45
Entzun

Izaskun Bilbao EAJko Europako legebiltzarkideak galdetu dio auziaz Europako Batzordeari. Bilbaok gogorarazi duenez, Lasaren eta Zabalaren hiltzaileak zigortu zituzten auzitegiek; aldiz, ez dago sententziarik biak ETArekin lotzen dituenik.

Horixe da Espainiak argudiatu izan duena bi familiei kalte-ordainak pagatzeari uko egiteko. "Sententzia eta biktimek jasotako tratua ez dira koherenteak 2012/29/UE zuzentarauaren 16., 32., 53. eta 63. puntuekin", Bilbaoren esanetan. Atal horiek eskubide batzuk aitortzen dizkiete biktimei. Horregatik, Bilbaok Bruselari galdetu dio "estatu terrorismoaren biktimek tratu hori merezi" ote duten eta Espainiako agintariei auziaz galdetuko dien.

Vera Jourova Justizia komisarioak erantzun dio Europako Batzordearen izeanean. Azaldu duenez, Brusela aztertzen ari da Espainiak nola txertatu dituen zuzentarau horren edukiak bere araudian, eta baita Lasa eta Zabalaren auziak Europako Batasunaren araudiarekiko urraketarik sortzen ote duen ere. Hala balitz, "batzordeak beharrezko neurriak har ditzake, baita zigor prozedurak ere". Hala ere, Jourovak gogorarazi du azterketa horrek ez duela barne hartzen estatuetako araudiaren analisia.

1983an, GALek bahitu, torturatu eta hil zituen Lasa eta Zabala. Kalte-ordaina ukatzeko, Auzitegi Konstituzionaleko epaileek argudiatu zuten ETAko kidea zela Zabala, hala agertzen delako, hain zuzen, Lasa-Zabala auzian Auzitegi Nazionalak emandako zigor epaian. 2000. urtean izan zen hori: Enrique Rodriguez Galindo jenerala eta beste lau lagun zigortu zituzten, Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta hiltzea egotzita. Hura ekintza "terrorista" izan zela aitortu arren, sententzia horretan Zabala etakidetzat hartzen denez, horrek "gizartearen elkartasuna" jasotzea eragozten dio familiari, epaileen esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.