Lasarte-Oriako Bilduk prentsaurrekoa eskaini du gaur bertako alkateak mehatxu gutun bat jaso duela salatzeko.
Azaldu dutenez gutuna posta arruntez iritsi da, pertsona baten izenean sinatuta dago eta Gipuzkoako helbide bat ageri da. Helbidea ordea faltsua dela argitu dute Bilduko kideek eta Madrilgo zigilua daramala, horregatik sinatzailea ere faltsua dela pentsatzen dute.
Bilduko alkateak eta hainbat zinegotzik eskainitako prentsaurrekoan gutuna bera irakurri dute eta bertan agertzen diren hitzak salatu dituzte, "oso larria iruditzen baitzaigu bertako hitzen mehatxuzko doinua eta agertzen dituen helburuak eta asmoak". Bilduko kideek zehaztu dute ez dutela gutunaren irakurketa pertsonala egiten, "Pablori zuzenduta egonda ere, Bilduri eta kalean zein instituzioetan politika ezkertiar eta aurrerakoiaren hautua hartu duen edonoren kontrakoa iruditzen zaigu eta".
"Zuek ez zarete pertsonak, gorrotoz betetako piztiak zarete. Deuseztu beharrezko pixtiak zarete, ez baitaukazue ezer positiboa kudeatzeko adina adimen, terrorismoa da egiten duzuen gauza bakarra", hala dio pasarte batek. Gutuna honela amaitzen da: ”…Unea iristen denean zuek ere espainiar gisa hilko zarete gure nazka eta mespretxuarekin. Gora Espainia! Gora Baskongada beti espainiarrak! ETAri metraileta!”
Bilduko kideek esan dute honelako gutunez ez dutela beren lana oztopatuko. Hauteskundeetara politika egiteko aurkeztu zirela gogoratu dute, eta herritar orok bezala, horretarako eskubidea dutela berretsi dute. "Herri politika sozial, ezkertiar eta soberanista egin nahi dugu herritar ororen eskubideak bermatuz" azpimarratu dute.