Lasarte-Orian (Gipuzkoa) Jose Antonio Telleriaren hilketa leporatzen dioten gaztea Martuteneko espetxean sartu dute. Ertzaintzatik jakinarazi dutenez, atzo arratsaldean eraman zuten epailearen aurrera. Espetxeratutakoa Telleriaren iloba da, eta hilketa leporatzen zaion lagun bakarra da. 24 urte ditu.
Hasiera batean atzo zuten eramatekoa epailearen aurrera, 72 orduko gehienezko atxiloaldia beteta. Dena den, gero atxiloaldia luzatzea erabaki zutela zabaldu zen, galdeketa gehiago egiteko. 48 orduko epea zuen gehienez atxilotuta jarraitzeko.
Lasarteko Udalak hilketa salatzeko idatzi bat onartu zuen atzo aho batez. "Samina eta atsekabea" agertu zien Telleriaren sendiari eta lagunei.
Ilobarekin batera, Telleriaren etxean bizi zen 50 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Telleriaren gorpua aurkitu ondoren, baina astelehenean kargurik gabe libre utzi zuten. Oria ibaian topatu zuten ustez hilketan erabilitako arma.
Buruan tiro bat zuela aurkitu zuten Telleria larunbatean, Pepene baserrian. Zabaleta auzoan bizi zen, Buenos Aires inguruan, Lasartetik Hernanira doan bidean.