Lasarte-Oriako gizon baten hilketarekin lotuta Ertzaintzak atzo atzeman zuen 50 urteko gizonezkoa gaur kargurik gabe libre utzi dute, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ordubatak aldera jakinarazi duenez. Hildakoaren etxean bizi da gizonezko hura, eta hark aurkitu zuen larunbatean gorpua. Baserrian morroi lanak egiten ditu.
Ertzaintzak atzo 24 urteko mutil bat ere atzeman zuen. Hildakoaren iloba da eta atxilotuta jarraitzen du. Poliziak dio balitekeela gazte hura izatea hiltzailea.
Buruan tiro bat zuela aurkitu zuten 47 urteko gizonezko bat Lasarten larunbatean, Pepene baserrian. Jose Antonio Telleria zuen izena. Zabaleta auzoan bizi zen, Buenos Aires inguruan, Lasartetik Hernanira doan bidean.
Ertzainek inguruak itxi zituzten, eta eguna bertan eman zuten, ikerketarako frogak bilatzen. Baserriaren aldamenean auto bat aurkitu zuten, erreta. Ertzaintzak jakinarazi duenez, hildako gizonezkoaren senide batena da kiskalitako auto hori. Poliziak hasieratik aipatu du hilketa bat izan dela, hipotesi horrekin ari dela lanean, baina ez du arrazoiei buruzko berririk eman.
Hildakoa idi probetan aritzen zen, eta ezaguna zen horregatik. Auzoan bertan ibiltzen zen idi parearekin entrenatzen.
Gaur izango da Telleriaren aldeko hileta elizkizuna, Lasarte-Orian (18:00etan, San Pedro elizan).