Lasserrek gutuna bidali dio deszentralizazioaren ardura duen ministroari

Deszentralizazioaren III. Aktaren barnean Ipar Euskal Herriaren gobernantzaren xedea ezartzea galdatu dio

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren gobernantzaren xedea deszentralizazioaren III. Aktan sartzeko eskatu dio Hautetsien Kontseiluko presidente Jean Jacques Lasserre senatariak Marylise Lebranchu erreformaz arduratzen den ministroari. Eskaera gutun bidez luzatu dio. Hitzordu bat galdatzen dio Lebranchuri, Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak orain arte eraman gogoetaren berri emateko.

Gaur egun, Ipar Euskal Herriarentzako den egituraketaz «harago joan beharra» azaltzen dio ministroari: «Batetik, paisaia instituzional berri bat sortzen ari delako, eta, bestetik, gaur egungo antolaketak mugak ezagutzen dituelako Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketa garrantzitsuei aurre egiteko orduan».

Ondoko hitzordua, irailean

Hautetsien Kontseiluaren biltzar nagusia irail hastapenean eginen dute. Tokiko demokraziari buruzko mintegiak egingo dituzte urrian, eta horietan parte hartzeko xedea dute kontseiluko kideek. Ipar Euskal Herriaren egituraketa proposamen bat nahi dute ordurako prestatu, eta iraileko bileran adostuko dute.

Lapurdiren, Nafarroa Beherearen eta Zuberoaren gobernantzari buruzko hausnarketa aitzina doa, eta herenegun eman zuen bertze pauso bat Hautetsien Kontseiluak, euskal lurralde elkargoak izanen lituzkeen eskumenei buruzko proposamenak onarturik. Orain, funtzionamenduari eta finantzaketari buruz gogoetatzen ariko dira iraila arte. Gogoetaren konklusioen berri ukaiteko, Euskal Herriko senatariekin eta Garapen Kontseiluko buruarekin biltzeko prest dela jakinarazia dio Hautetsien Kontseiluari Frantziako Senatuko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.