Euskal presoak

Lasterbidean elkartasun lasterketa aurkeztu dute

Larrabetzun egingo dute, maiatzaren 18an; iaz bezala, lasterketa bi antolatu dituzte aurten ere.

Lasterbidean lasterketa aurkeztu dute Bilbon. @ETXERATELKARTEA
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2014ko martxoaren 27a
16:08
Entzun

Euskal preso eta iheslarien eta horien gertukoen eskubideen alde kirol esparrutik sortutako ekinbidea da Lasterbidean. Iaz egin zuten lehen aldiz, Oiartzunen (Gipuzkoa). “Lasterketa bidez, etxetik ehunka kilometrora dauden euskal herritarrak Euskal Herrira lehenbailehen ekartzeko dagoen herri gogoa irudikatu genuen”, adierazi du Amagoia Santa Coloma Lasterbidean ekinbideko kideak. Aurtengoa aurkezteko, prentsaurrekoa egin dute gaur Bilboko Kafe Antzokian. Larrabetzun (Bizkaia) egingo dute, maiatzaren 18an. Bertara joateko eta elkartasun urratsak egiteko deia zabaldu nahi izan dute agerraldian.

“Errepresaliatuen eta beren gertukoen eskubideak betetzearekin batera desagertuko da Lasterbidean”, adierazi du Haritz Carrera ekinbideko kideak. Bitartean, herrialdez herrialde lasterketa antolatzen jarraitu beharko dutela azpimarratu du. Horregatik, Gipuzkoatik Bizkaira eraman dute aurten proiektua. Iaz bezala, lasterketa bi antolatu dituzte: luzea, 7,6 kilometrokoa, eta laburra, 3,2 kilometrokoa. Iragarri dute ibilbide luzean izena emateko epea zabalik dagoela euren webgunean. Iaz, 1.200 pertsonak parte hartu zuten, eta aurten ere “beste horrenbeste” parte hartzaile nahi dituzte. Lasterketez gain, hainbat ekintza antolatu dituzte eguna girotzeko. Besteak beste, herri bazkaria, kontzertuak, txosnak eta haurrentzako gunea izango direla aurreratu dute.

Senideen babesa

Ibai Bilbao eta Jone Artola senideak ekinbideari babesa agertzeko izan dira agerraldian. “Senide eta lagunon arnasa da elkartasuna”, adierazi du Bilbaok, eta maiatzaren 18an Larrabetzura joateko deia egin du: “Gure senide eta lagunak, laster bidean, etxean, gurekin izateko”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.