Martxoa hasi denetik, andreen aurkako indarkeria egotzita lau gizon atxilotu dituzte Nafarroan. Hiruk aurrekariak zituzten, eta batek ez zuen bete biktimarengandik urruntzeko agindua.
Martxoaren 2an atxilotu zuen Foruzaingoak aurrenekoa, Ribaforadan. Dei bat jaso zuten, emakume baten etxera joateko eskatuz. Bikotekide ohia ezin zitzaion 300 metro baino gehiago gerturatu; hala ere, etxean agertu zitzaion, eta dena hankaz gora jarri zion, altzariak hondatuz. Foruzainek, gizonezkoak aldentzeko agindua zuela baieztatu zutenean, atxilotu egin zuten. Antzeko beste ekintza batzuengatik aurrekariak dituela azaldu du Nafarroako Gobernuak.
Atarrabian, berriz, 36 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, martxoaren 6an. Udaltzaingoaren polizia etxean salaketa jarri zuen haren emazteak, senarrak eraso egin ziola azalduz. Bestelako delitu batzuengatik aurrekariak zituen. Udaltzainek atxilotu zuten, eta Foruzaingoaren esku utzi zuten ikerketarekin jarrai zezan.
Egun berean atxilotu zuten 28 urteko gizonezko bat. Ustezko biktimak Nafarroako Ospitalera jo zuen, gizonezko batek etxean eraso egin ziola-eta azterketa medikoa egin ziezaioten eskatuz. Berriozarko Udaltzaingoak izan zuen jazoeraren berri, bertakoa baita emakumea. Ezin izan zuten ustezko erasotzailea aurkitu, eta inguruko herrietako udaltzainei abisua pasatu zieten. Azkenean, Antsoainen harrapatu zuten. Astelehenean , Tuteran, 34 urteko gizon bat atxilotu zuten. Aurrekariak ditu horrek ere emakumeen aurkako indarkeria kasuengatik.
Sexu erasoak gora EAEn
Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeak iazko datuak ezagutarazi ditu. Sexu erasoengatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irekitako txosten judizialek %18,18 egin zuten gora 2010ean. Alegia, 176 kasu aztertu zituzten 2009an, eta 208 iaz. Igo egin da,baita ere, genero indarkeriaren kasuan mediku azterketen kopurua (%12,42). Gutxi bada ere, behera egin dute, ordea, horien ondorioz irekitako txostenek. Araban, 234 txosten ireki ziren emakumeen aurkako indarkeriagatik, eta 25 sexu erasoengatik. Bizkaian, 519 indarkeriagatik, eta 126 sexu erasoengatik. Gipuzkoan, azkenik, 334 indarkeriagatik, eta 54 sexu erasoengatik.
Lau atxilotu Nafarroan genero indarkeriagatik
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %18,18 hazi ziren iaz sexu erasoengatik irekitako txosten judizialak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu