Garikoitz Etxeberria Kafe Haikako presoaren ongietorriarekin lotuta Azpeitiko (Gipuzkoa) lau lagun auzipetu eta deklaratzera deitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Lau horietatik hiruk joan den ostegunean eta ostiralean jaso zuten deialdia, ertzainek etxera eramanda; batek ez du deialdirik jaso. Laurek atzo goizean deklaratu behar izan zuten Azpeitiko epaitegian.
Etxeberria Haikako kide ohia otsailaren 2an irten zen kartzelatik, sei urteko kartzela zigorra osorik beteta. Orduko ongietorria dauka oinarrian auzipetzeak. Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) salatu egin du lau herritar "oinarririk gabe eta probarik gabe" auzipetu eta deklaratzera deitu izana. "Deklaratzera joan behar dutela esateko jaso duten oharrak ez du esaten zergatik deitu dituzten. Deklaratzera ezer jakin gabe joan dira lau lagunak, eta Azpeitiko epaitegian jakin dute Kafe-ren ongietorriarekin eta pankarta batekin lotuta auzipetu dituztela".
Epaitegian, abokatuek galdetuta jakin dute pankarta batekin lotzen dituztela lau lagunak. Baina AAMren arabera, "lau lagun horiek Etxeberriaren ongietorrian ez zituzten identifikatu eta, deklaratzera joan direnean, ez diete euren kontrako argazkirik edota inolako frogarik azaldu. Azken batean, inolako frogarik eta oinarririk gabe auzipetu eta deitu dituzte deklaratzera", AAMk salatu duenez.
Orain haien deklarazioa Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaliko dute. Gero, epaileak erabakiko du epaiketa egin edo ez, AAMk esan duenez.
politika
Lau azpeitiar auzipetu dituzte Haikako preso baten ongietorriarekin lotuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu