Lau dira atzo iluntzean Elgoibarko (Gipuzkoa) istripuan hildako gazteak. Atzo larri zauritutako 16 urteko bi neskak gaur hil dira, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Azkena arratsaldean zendu da, Donostia Ospitalean. Beraz, lau dira atzoko ezbeharrean hildakoak: istripua gertatu zen lekuan bertan hil zen 17 urteko neska bat, ordu batzuen buruan Donostiako Ospitalean zendu den 20 urteko mutil gaztea, eta gaur hildako bi neskak; laurak Eibarkoak (Gipuzkoa). Guztiak Volkswagen Golf autoan zihoazen, eta furgoneta batekin talka egin zuten.
Goizean nahasmena egon da, Jaurlaritzak 16 urteko nesketako baten heriotzaren berri eman, eta albiste hori zabaldu eta gero, halakorik ez dela gertatu eta bizirik jarraitzen zuela adierazten zuen oharra plazaratu baitu. Ordu batzuk beranduago, neska hil egin dela baieztatu du.
Atzo iluntzeko zortzi eta erdiak inguruan gertatu zen istripua, N-634 errepidean. Volkswagen Golf-ak eta Volkswagen Transporter furgoneta batek aurrez aurre jo zuten elkar. Talka oso handia izan zen, eta lau gazteak auto barruan harrapatuta geratu ziren. Suhiltzaileek atera behar izan zituzten.
Furgonetan zihoazen 38 urteko emakumezkoa eta 32ko gizonezkoa zaurituta eraman zituzten Arrasateko Ospitalera (Gipuzkoa). Haiekin zihoan bi urteko semeak ez zuen zauririk izan. Istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da Ertzaintza.
Eibarko Udalak egun bateko dolua deklaratu du atzoko istripuan hil zirenengatik, eta joan den astean Marokon autoak harrapatuta hildako bizilagunarengatik.
Errepideak
Lau dira Elgoibarko auto istripuan hildakoak
Larri zaurituta zeuden 16 urteko bi neskak gaur hil dira. Atzo 17 urteko neska bat eta 20 urteko mutil gaztea zendu ziren. Ezbeharra izan zuen beste ibilgailuko bi lagun ere zaurituta eraman zituzten erietxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu